2011n indarkeria matxista jasan duten 18 emakume artatu dituzte Udalean

Uztarria.eus 2011ko aza. 23a, 18:11

Horietatik %66 jaiotzez euskal herritarrak ziren eta erdia 40 urtetik beherakoa

Salaketa bost emakumek jarri dute, hau da, %27,7ak

Jaiotzez euskal herritarra eta gaztea. Azpeitian 2011n indarkeria matxista jasan dutelako Udalean artatu dituzten emakumeen profila izan daiteke hori.

Azaroaren 25eko Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunaren bezperetan hainbat datu zabaldu eta egoeraren zer balorazio egiten duen ezagutarazi du Udalaren Parekidetasun Sailak. 2011. urtean dagoeneko 18 emakumek jo dute Azpeitiko Udaleko arreta zerbitzuetara, emakumeenganako indarkeria motaren bat jasan dutelako. Horietatik %66 jaiotzez euskal herritarrak ziren eta erdia 40 urtetik beherakoa. Emakume horietatik salaketa bostek jarri dute, hau da, %27,7k.

"Datuok erakusten dute -diote Udalean- oraindik ere emakumeenganako indarkeria gaur egungo jendarteak bizi duen arazo larrienetarikoa dela, eta Azpeitia ez dela salbuespen bat".

Arazoari aurre egiteko egunotarako herrian antolatu dituzten ekimenekin bat egiten du Udalak. Ekimen horiek bultzatzeaz gain, puntu morea zabaltzeko deia ere luzatu du, "norbanako bakoitzak indarkeria mota honekiko duen desadostasuna publikoki agertzeko".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide