Biharko sokari tiraka

Koldo Aldalur (Argia) 2011ko aza. 24a, 15:11

Hamaika aldiz entzun dugu azken asteotan garai berri baten atarian gaudela eta estrategia zaharrak berritu beharko ditugula aurrerantzean. Bale, konforme.

Oraindik ditxosozko "gu" hori definitzeko arazoak baditugu ere jo dezagun bagarela, eta jakina, bagarela badakigula.

Baina "besteek" aldatuko al dituzte euren estrategiak? Hasi gara galderekin, seinale txarra.

Harira. Orain urte batzuk Nazioarteko Sokatira Federazioak (TWIF) euskal sokatiralariak nazio mailako lehiaketetatik at utzi zituen. Ez zien debekatu soka beraien aldera eramaten saia zitezen, baina soilik utzi zien klub arteko txapelketetan parte hartzen.

Urteetan, gureak goi mailan arituak ziren Europako nahiz munduko txapelketetan idatzi gabeko hitzarmen bati esker. "Itxurak gordez edo itxurak eginez, sinboloen borrokan murgildu gabe parte har ezazue eta ospakizunen garaia iristen denean nahi duzuena egin" zen hainbeste urtetan indarrean izan zen hitzarmen haren muina.

Egun batean, arrazoi osoz edo ez, hitzarmena apurtu genuen arte. Harrezkeroztik sokatiraren maila jaitsi egin da gurean. Zaila da negu beltzeko entrenamenduetan atzamarrak eta gerriak apurtu arte sokari tiraka aritzea gero nazioarte mailan nor garen erakusteko aukerarik ez badugu.

Eta gure ohiturari jarraituz TWIFeko arduradunei bota genien errua, batik bat Co Koren presidenteari. Holandarrak utzi zuen bere kargua eta bere ordez Catal McKeever ipar irlandarra jarri zuten. Pasa berri den urriaren 22an bilera bat egin zuten Belfasten gure ordezkariek eta TWIFeko arduradun nagusi berriak eta iparraldetik etorri zaigun haizeak behe lainoa besterik ez digu ekarri.

Euskal Herriak sokatira arautzen duen erakundearen barruan kide ofiziala izatea du helburu eta eskaera erabat legezkoa da, batik-bat kontuan izanik sokatirak Espainiako Estatuan ez duela ordezkaritzarik. Hau ere ez al da arazo politiko baten ondorioa?

Garai berri batean izanik, estrategia zaharrak berritzeko asmotan jo zuten gure ordezkariek geurea defendatzera, baina ez da egoera berririk izango agintea duenak garaile sentitzen badu bere burua. Garaile sentitzeak, haientzat behintzat, esan nahi du norbait menpekoa dutela, eta hori bide okerra da.

Marra berri bat jartzearen aldekoa naiz. Orain artekoa eta hemendik aurrerakoak. Lehenak erakuts dezala geroan atzea nola dantzatuko dugun, baina zein doinutan mugituko garen geuk erabakitzekotan.

Sokatiran atzera egiteak balio du, baina aurkaria erakarritakoan errespetuz bostekoa ematen jakin behar da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide