Slalom auto lasterketa jokatuko dute igandean Landetako industrialdean

Urola Kostako Hitza 2011ko aza. 24a, 17:11

Proba 10:30ean hasiko da

Iaz 40 bat parte-hartzaile izan ziren Azpeitiko slalomean eta aurten ere kopuru horretara iritsiko direla uste dute antolatzaileek

Datorren igandean, azaroaren 27an, beste auto lasterketa bat jokatuko da Azpeitian: V. Slaloma. Landetako industrialdean izango da proba, 10:30ean hasita. Parte-hartzaileek hiru aldiz egin beharko dute lasterketaren ibilbidea. Lehen buelta entrenatzeko izango da eta gainontzeko biak, berriz, erlojupekoak dira.

Atzo (asteazkena) arratsaldeko zortziretan bukatzen zen auto lasterketan izena emateko epea. Izena emateko parte-hartzaileek 40 euro ordaindu beharko dituzte. Atzo arratsalderako 31 gidarik zuten izena emanda: sei karkros, eta gainontzekoak autoak.

Slalomean abildadeak garrantzia handia dauka, azken emaitzean egindako denborarekin batera lasterketan zehar izandako denbora zigorrak hartzen baitira kontutan. Lasterketan kontu izan behar da ibilbidean dauden konoak edo oztopoak ukitu gabe bukatzen eta ibilbidea ahalik eta txukunen eta azkarren egiten saiatu behar dira gidariak.

Iaz Aitor Etxeberriak irabazi zuen lasterketa. Etxeberria Azpeitian bizi den zumaiarra da. Aurten ere, igandean Landetan jokatuko den lasterketan parte hartzeko asmoa du Etxeberriak; izena emanda dauka. Iaz 40 bat parte-hartzaile izan ziren Azpeitiko slalomean eta aurten ere kopuru horretara iritsiko direla uste dute auto lasterketaren antolatzaileek.

Igandean, lasterketa hasi aurretik, eta jokatzen ari den bitartean, Landetako industrialdeko hainbat kaletara ezingo da sartu eta hesien bidez itxita egongo dira. Lasterketarako sarrera doan izango da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide