Kontsumo taldeen BasHerri Topaketak izango dira Azpeitian

Uztarria.eus 2011ko aza. 25a, 11:11

Gaur eta bihar egingo dituzte saioak Sanagustin kulturgunean

.40 kontsumo taldek hartuko dute parte

Aurrenekoak Zarautzen egin zituzten, bigarrenak Usurbilen, eta hirugarren BasHerri Topaketak gaur eta bihar Azpeitian egingo dituzte, Sanagustin kulturgunean.

BasHerri Topaketetan kontsumo taldeetako ordezkariak bilduko dira; hau da, Gipuzkoan dauden 40 talde inguruko kideak. Talde horien helburua, "elikadura kate luzean galtzen den kalitatea ekiditea" da.

Gaur goizean hasiko dituzte topaketak Sanagustinen, 10:00etan, baserritarren eta BasHerri taldeen aurkezpena eginda. Segidan, baserritarren arteko elkarlanaz, nahiez eta beharrez ariko dira, bazkaltzeko ordua iristen den arte. Bazkaria Sanagustinen bertan egingo dute, 13:30ean.

Bazkalondoan, baserritarrek hartu beharreko konpromisoen inguruan jardungo dute. Ondoren, 16:30ean, Herrialde Katalanetako Xarxeta esperientzia aurkeztuko diete bertan daudenei. Gaurko jardunari eguneko ondorioak aterata emango diote bukaera.

Topaketen baitako bigarren eguna bihar izango dute. Bigarren hitzorduko ekitaldi guztiak Sanagustinen egingo dituzte kontsumo taldeetako ordezkariek. Ekitaldiak 10:00etan hasiko dira bihar ere, BasHerri taldeak aurkeztuz. Segidan kontsumo taldeen konpromisoak zehaztu edota bateratzeko ekitaldiari helduko diote, eta horretan jarraituko dute bazkaltzeko ordura arte, 13:00ak arte.

Bazkalondoan BasHerriak saretzen ekimena hasiko dute helburuak, eta bideak zehazteko asmoarekin. 17:30ean, topaketak bukatzeko eguneko ekitaldien ondorioak aterako dituzte.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide