Jokin Uranga Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako azken finalaurrekoan izango da igandean

Uztarria.eus 2011ko abe. 1a, 11:12

.17:30ean hasiko da saioa, Galarreta pilotalekuan

Orkatz Kultur Elkarteak autobusa antolatu du Azpeititik Hernanira joateko

Jokin Uranga azpeitiar bertsolaria Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako azken finalaurrekoan izango da Hernanin, igandean. Oholtzan izango dira Urangarekin batera, Iñigo Manzisidor Mantxi, Ainhoa Agirreazaldegi, Jon Martin, Amaia Agirre eta Iñaki Apalategi. Gai-jartzaile lanak, berriz, Jon Zalduak egingo ditu.

Saioa 17:30ean hasiko da, Hernaniko Galarreta pilotalekuan. Saioa bukatu bezain laster jakingo dira finalean izango diren zortzi bertsolarien izena. Finala abenduaren 18an jokatuko da, Donostian, Illunbeko zezen-plazan.

Hernaniko saiorako sarrerak erosi nahi dituenak www.gpuntua.com webgunean du aukera, bihar eguerdiko hamabiak bitartean. Egunean bertan ere erosi ahal izango dira lehiatilan.

Autobusa Azpeititik

Azpeititik Hernanirako finalaurrekora joateko autobusa antolatu du Orkatz Kultur Elkarteak. Izena Orkatzen eman behar da, eta bidaiaren zenbatekoa autobusean bertan ordaindu beharko da. 15:45ean aterako da autobusa Etxe Zuri taberna aurretik.

Igandekoa hirugarren eta azken finalaurrekoa izango da. Tolosan eta Arrasaten jokatu dira aurreko biak, eta Beñat Lizaso azpeitiar bertsolariak ezin izan zuen finalerako sarrera eskuratu Tolosako saioan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide