Iraurgiko hainbat jokalari Euskadiko Selekziora

uztarria.com, Urola Kostako Hitza 2011ko abe. 2a, 12:12

Iraurgiko hamasei jokalarik jokatuko dute txapelketaren bat asteburuan. (Iraurgisb.com)

Iraurgiko junior mailako hiru jokalari Euskadiko txapelketan izango dira asteburuan

Lan Mobel ISBk gaur, ostirala, Andorraren kontra jokatuko du, kiroldegian

Iraurgi Saskibaloi Elkarteko hainbat jokalarik Euskadiko Selekzioarekin prestatze lanak hasi dituzte asteburu honetan. Kadete eta infantil mailako jokalariak Espainiako Txapelketa prestatzen hasiko dira datozen egunetan, IV. Interfederazio Txapelketa jokatuko dute-eta.

Zapatuan eta igandean izango dira partidak. Infantil mutilek eta kadete neskek Lugora (Galizia) bidaiatuko dute, han txapelketa jokatzeko. Han izango dira Aitor Astigarraga eta Ander Merketegi, eta Naroa Uria, Maite Lizarazu zein Aitziber Vesga.

Kadete mutilek eta infantil neskek, berriz, Zumarragan eta Urretxun izango dute zita. Bertan izango dira Iraurgiko infantil mailako Laura Olaizola, Oihane Aizpurua, Eneritz Larrañaga eta Maitane Dominguez, zein kadete mailako Jon Gurrutxaga, Unai Bidasoro, Unai Martinez eta Xabier Oroz.

Bestalde, Gasteizeko Ibaiondo kiroldegian Euskadiko Junior Txapelketa jokatuko da asteburuan, eta "hiru lurraldetako jokalari onenak ikusteko aukera egongo da" Iraurgikoek adierazi dutenez. Gainera, Iraurgi Saskibaloi Taldeko hiru jokalari izango dira bertan: Aitor Zubizarreta, Josu Urbizu eta Itxaso Astigarraga.

Lan Mobelen txanda, gaur

Espainiako Zilarrezko Adecco Ligako partida jokatuko da gaur, ostirala, 21:00etan, kiroldegian. Lan Mobel ISB BC River Andorra taldearen kontra ariko da. Iraurgikoek gogor egin beharko dute lan gaurkoan, izan ere ligako talderik sendoenaren kontra ariko dira. Andorrako taldea Urrezko Adecco ligara igotzeko hautagai nagusietako bat baita.

Iraurgi saskibaloi elkartekoek Andorrako taldeaz azaldu dutenez, "jokalari bikainez" osatutako taldea dute. Aurkari gogorra izango du Iraurgik. Baina, Iurgi Caminos entrenatzaileak Beñat Barberena ez beste jokalari guztiak jokatzeko moduan ditu. Caminosen arabera, "partidaren erritmoa bereganatzea izan daiteke partidako gakoetako bat".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide