Inazio Uria gogoan izan dute, ETAk hil zuen hirugarren urteurrenean

Uztarria.eus 2011ko abe. 3a, 14:12

Loiolan gaur egindako bilkura isila.

Ehunka lagun elkartu da enpresari burua hil zuten tokian; senideekin batera ordezkaritza politiko zabala elkartu da (argazki gehiago)

Uriaren familiak "Kondena, justizia eta errespetua" aldarrikatu zituen hirugarren urteurrenaren harira, herenegun ateratako komunikatuan

Gaur, abenduak 3, hiru urte dira ETAk Inazio Uria Altuna Y Uria-ko enpresaburua Loiolan tiroz hil zuela . Haren senideek, lagunek, lankideek, herritarrek eta ordezkaritza politiko zabalak gogoan izan dute hilketaren tokian bertan, Loiola auzoan, Uriaren omenezko monolitoaren aurrean.

Ehunka lagun bildu da 13:00etako bilkura isilean. Kontzentrazioan ziren, besteak beste: Eusko Jaurlaritzatik Iñaki Arriola eta Rafael Bengoa sailburuak eta Miguel Buen Herrizaingo sailburordea zeuden, EAJtik Joseba Egibar GBBko burua, Arantza Tapia Kongresurako diputatu hautatua eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusi ohia, EAEko PPtik Leopoldo Barreda eusko legebiltzarkidea eta Arantza Quiroga eusko legebiltzarreko lehendakaria, EAtik Pello Urizar idazkari nagusi eta Bilduko kidea eta Rafa Larreina zuzendaritzakide eta Amaiurreko diputau hautatua, Aintzane Ezenarro Aralarreko eusko legebiltzarkidea eta Dani Maeztu alderdiko koordinatzaileordea...

Eduardo Puelles eta Isaias Carrasco ETAk hildako lagunen senideak ere Azpeitiko ekitaldian izan dira, enpresa arloko ordezkariak ere bai (Nuria Lopez de Gereñu Confebask-eko idazkari nagusia, edota Eduardo Zubiaurre eta Jose Miguel Aierza Adegiko buruak), Ramon Etxezarreta PSE-EEko zinegotzi ohia, Azpeitiko EAJko hautetsi eta buruzagiak, Azpeitiko Aralar alderdiko kideak, Roman Sudupe Gipuzkoako ahaldun nagusi izandakoa... Herritar asko ere han ziren. Ordu laurdenekoa izan da elkarretaratzea, eta txaloekin bukatu dute.

Herenegun, osteguna, Uriaren familiak "kondena, justizia eta errespetua" aldarrikatu zituen hirugarren urteurrenaren harira. Uria sendiaren komunikatua ikusteko egin klik hemen .

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide