Parte-hartzean oinarritutako aurrekontuak osatu nahi ditu Udalak

Uztarria.eus 2011ko abe. 12a, 10:12

Ezkerretik eskubira, IƱaki Portilla, Mikel Ibarzabal, Eneko Etxeberria alkatea, Aritz Epelde eta Manuel Unanue.

Asteazkenean, hilaren 14an, egingo dute batzarra 19:00etan hasita, Sanagustin kulturgunean

Batzarra irekia izango da, eta herritar orok hartu ahal izango du parte bertan

Azpeitiko Udalak, esperientzia pilotu moduan, parte-hartzean oinarritutako aurrekontuak osatu nahi ditu. "Ekarpenak jaso ahal izateko", herritarrei, auzoei zein arlo desberdinei zuzendutako batzarrak egingo dituzte.

Hori dela-eta, asteazkenean, hilaren 14an, batzar irekia egingo dute, 19:00etatik 20:30era bitartean, Sanagustin kulturgunean. Batzarrean hamasei urtetik gorako herritar orok hartu ahal izango du parte. Udal Gobernukoek adierazi dutenez, "batzarrean udaletxea norantz eraman nahi dugun eta aurrekontuak azaldu nahi ditugu, eta zuen ideia, ekarpen eta iradokizunak jaso nahi ditugu elkarrekin norabidea zehazteko". Azpeitian ere "krisiaren ondorioak pairatzen" ari garela esan dute: "Egungo gizartea pairatzen ari den krisi ekonomiko sakonak Azpeitian ere badu eragina eta, horregatik, inoiz baino garrantzitsuagoa da denon dirua zertan gastatzen den azaltzea".

Udal Gobernukoek gaineratu dutenez, "Udal Gobernua osatu genuenean Udaleko bitartekoak herritarren esku ipini eta bidea elkarlanean egiteko konpromisoa hartu genuen". Horren "seinale da" uztailaren 13an herriko eragileekin egindako batzarra .

Asteazkeneko batzarrera joaterik ez duten herritarrek informazioa udaletxean eskuratu ahal izango dute. Bestalde, gaztelerazko informazioa jaso nahi duten herritarrek ere udaletxera joan beharko dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide