Kaleko argiak piztearekin hasiko dituzte Santa Lutzi egunez gabonetako ekitaldi bereziak

Uztarria.eus 2011ko abe. 12a, 20:12

Ezkerretik eskubira, Iñaki Portilla, Iñigo Amiano eta Mikel Ibartzabal, Gabonetako zozketa berezien kartelekin. (NEREA URANGA)

Bertan merkatarien elkarteak eta Udalak hainbat ekimen garatuko dituzte elkarlanean, tartean umeentzako Gabonetako parkea

Merkatariek hiru zozketa berezi egingo dituzte, guztira 2.000 euro banatuz

Gabonak gain-gainean ditugu eta, aurten ere, Bertan merkatarien elkarteak eta Udalak hainbat ekimen garatuko dituzte elkarlanean, tartean umeentzako Gabonetako parkea. Gaur, astelehena, aurkeztu dituzte.

Aurreneko pausoa, Gabonetako ekimen berezien hasiera izango dena, kaleetako argiak piztea izango da, Bihar, hilak 13, Santa Lutzi egunez piztuko dituzte lehen aldiz argiak. 30.000 argi jarri dituzte aurten kale eta auzoetan. LED sistemarekin hornituak, "Agenda 21eko edukiak errespetatzen dituzte eta gaur egun merkatuan dauden kontsumo gutxienekoak" direla azaldu dute udal ordezkariek.

Umeentzako ekimenak

Umeentzako ekimenak nagusi izango dira Eguberriaren bueltarako antolatu duten egitarauan. Abenduaren 24an, Gabon egunean, umeentzako Gabon kantu txapelketa egingo dute, 13:00etan hasita, Sanagustinen. Hiru sari emango dituzte, 100, 75 eta 50 eurokoak.

Abenduaren 26an, 27an, 28an, 29an eta 30ean eta urtarrilaren 2an, 3an eta 4an, berriz, Gabonetako haur parkea irekita izango da Izarraitz frontoian, egunero 16:00etatik 20:00etara.

Abenduaren 30ean, berriz, Iraurgi Saskibaloiaren laguntzarekin 3x3 saskibaloi txapelketa egingo dute Betharrameko kirolgunean. 2000. eta 2003. urteetan jaiotako neska-mutilek izango dute kirol txapelketa horretan parte hartzeko aukera.

Zozketa bereziak

Bertan elkarteko merkatariek hiru zozketa berezi egingo dituzte Gabon inguruan, guztira 2.000 euro banatuz. Abenduaren 23an eta 30ean eta urtarrilaren 5ean egingo dituzte zozketak. Horietan parte hartzeko nahikoa da egunotan Bertaneko denda batean erosketa egin eta norberaren datuak uztea.

Bertan elkarteak webgune berria ere estreinatu du. "Webgune honetan astero elkarteko denda bakoitzak eskaintza bereziak egingo ditu eta elkartearen ekintzen berri jakin nahi duenak, webgunean izango du", esan du Iñigo Amiano teknikariak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide