Bigarren Urkome Sariak banatu dituzte

Uztarria.eus 2011ko abe. 14a, 14:12

Sei sari banatu dituzte; bost epai-mahaiak erabakitakoak, eta herritarrek aukeratutakoa bestea

Sari banaketa ekitaldia bukatzeko bozka eman duten herritar guztien artean zozketa egin dute

Gaur, asteartea, Bigarren Urkome Sariak banatu dituzte, Sanagustinen. Hamahiru egitasmo aurkeztu dituzte aurtengo sarietara, eta horietatik sei saritu dituzte. Bost sari epai-mahaiak aukeratutako proiektuen egileek jaso dituzte; seigarrena, berriz, bozka gehien jaso duen proiektuak jaso du. Saritu guztiek 3.000 euroko diru-saria jaso dute.

Sari-banaketa ekitaldian izan dira Eneko Etxeberria alkatea, Olatz Estomba Gipuzkoako Foru Aldundiko Landa Ingurumenaren Garapenerako teknikaria, Manuel Labaka Urkomeko presidentea, Leire Etxaniz Ingurugiro Etxea Fundazioko presidentea eta Leire Zaballa Itsasmendikoiko teknikaria. Denek eskerrak eman dizkiete proiektuak prestatu dituzten parte hartzaile guztiei.

Honatx proiektu sarituak eta egileak:

Ingurugiro Etxea Fundazioaren saria: Beizamako aterpetxea arduraduna proiektua. Iñigo Altuna eta Leire Retegi.

Nekazaritza jardueraren garapenaren saria: Gipuzkoako esne behiak ustiatzeko eredu berria proiektua. Jose Ignacio Azpillaga.

Landa eremuetako bizi kalitatearen hobekuntza saria: Eskuz esku eraikiz proiektua. Koldo Arzallus.

Aktibitate ekonomikoaren dibertsifikazioa saria: Muztio ekologikoa auzolanean proiektua. Aitor Eizmendi.

Landa eremuak betetzen dituen funtzioen zehaztapena eta errekonozimentua saria: Bisita gidatuak ustialekuan proiektua. Agurtzane Subijana.

Herritarren bozka-bidezko saria: Baratze planifikaziorako aplikazio informatikoa proiektua. Aitor Ibañez.

Sari banaketa ekitaldia bukatzeko bozka eman duten herritar guztien artean zozketa egin dute. Urola Kostako produktuen sorta bat jasoko du irabazleak etxean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide