Mendebaldeko Sahararako janaria bilduko dute etzi Azpeitian

Uztarria.eus 2011ko abe. 15a, 11:12

Khamar elkarteak hainbat ekimen antolatu du aste honetarako

Besteak beste, poesia emanaldia izango da

Khamar saharar herriaren aldeko Azpeitiko elkarteak hainbat ekimen antolatu du aste honetarako. "Mendebaldeko Sahararen egoera salatzeko hainbat ekintza antolatzen ari gara, Sahararen aldeko sentsibilizazio kanpainara barruan", azaldu dute Khamar elkartekoek.

Euskal eta saharar poesiaren arteko zubiak eraikitzen emanaldia izango da gaur, 19:00etan, Sanagustinen. Bertan Fatima Galia Salem eta Xabi Borda ariko dira.

Janaria biltzeko guneak

Larunbatean, berriz, Tindufeko (Aljeria) errefuxiatu kanpamenduetara bidaltzeko janaria bilduko dute Azpeitian. Janaria biltzeko 10:00etatik 12:00etara egongo dira udaletxeko arkupetan, Sanjuandegin Eroski supermerkatuan eta BMn, astotegian. Ikastetxeetan ere jarrita dituzte janaria biltzeko kaxak. Batik bat bilduko dituzten produktuak honakoak dira: arroza, dilistak, atuna kontserban, konpresak eta azukrea.

Haurrentzako ekitaldia ere antolatu dute Khamar taldekoek, Azpeitiko Udalaren Gazteriako Txiki Biran ekimenaren baitan. Larunbat arratsaldean, 17:00etan, Sanagustinen Zurrumurru taldea ariko da. Pantxika eta txinparta ederra zalaparta ikuskizuna izango da. Ekitaldi hori lau urtetik hamabi urtera arteko haurrentzako da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide