Iltzedun oinetakoekin lurra harrotzeko gogoz

Urola Kostako Hitza 2011ko abe. 15a, 18:12

XIV. Ikasberri Krosa jokatuko dute igande goizean, Azpeitiko Ikastola Ikasberriko lurzoruetan

Guztira zazpi lasterketa jokatuko dituzte, 10:15etik aurrera

Kros denboraldiko bigarren jardunaldia Azpeitian jokatuko da, igande honetan. Ikasberri Kirol Elkarteak Ikasberri Krosa antolatu du hamalaugarrenez, eta, urtero bezala, eskolartekoek nahiz federatuek hartuko dute parte, 10:15etik aurrera, hainbat txandatan. Aurten, iaz baino lasterkari gehiago espero dute antolatzaileek: "Joan den martxoan antolatu genuen azkena, denboraldi bukaeran, eta parte-hartzea eskasa izan zen. Aurten, hasieran izanda, jende gehiago izango dela uste dugu". Hala izan bedi.

Iaz lasterketako zirkuitua tokiz aldatu zuten, Goenako zelaietatik Azpeitiko Ikastola Ikasberriko lurzoruetara. Kokagune egokiagoa izateaz gain, korrikalarien eta ikusleen gustukoa izan zela adierazi dute Ikasberri Kirol Elkarteko kideek. Horrenbestez, zirkuitu berrian jokatuko dute beste behin proba. Zirkuitua bi itzuliz osatuta dago: txikiak 1.100 metro ditu, eta handiak 1.700 metro. Kategori bakoitzaren arabera, distantzia jakin bat korritu beharko dute parte-hartzaileek, itzuli txikiak eta handiak tartekatuz.

Aurten ere sari ekonomikoak taldeentzat bakarrik izango dira. Talde irabazleak 500 euro jasoko du, bigarrenak 300 euro, eta hirugarrenak 200 euro. Sariren bat jasotzeko federatuen kategoriako bost probatan puntuatu beharko dute gutxienez taldeek. Bien bitartean, lasterketa bakoitzeko lehen hiru sailkatuek oroigarria baino ez dute jasoko, eta txapelak senior-promesa mailako irabazleentzat bakarrik izango dira.

Kirol elkarteak txosna jarriko du lasterketa egunean, eta salda banatuko die gerturatzen direnei. Bide batez, herriko enpresen laguntza eskertu du.

Lasterketak eta ordutegia

Guztira zazpi lasterketa jokatuko dituzte, 10:15etik aurrera. Hona hemen zerrenda:

  • 10:15. Heldu, jubenil eta junior mutilek, 4.600 metro.
  • 10:45. Heldu eta kadete neskek, 2.800 metro.
  • 11:00. Jubenil eta junior neskak, eta kadete mutilek, 3.900 metro.
  • 11:20. Alebin neskak eta mutilek, 1.100 metro.
  • 11:35. Infantil neskak: 1.100 metro. Infantil mutilek, 2.800 metro.
  • 11:55. Senior eta promesa neskek, 4.600 metro.
  • 12:20. Senior eta promesa mutilek, 7.900 metro.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide