Lagun Onak Futbol Elkarteak zuzendaritza berria aurkeztuko du

Uztarria.eus 2011ko abe. 16a, 11:12

Elkartearen zuzendaritzak aurrera begra dituen asmoak eta antolaketa azaltzeko agerraldia egingo dute bihar

Bihar, Lagun Onak gizonezkoen hirugarren mailako taldeak Hernaniren kontra jokatuko du

Lagun Onak Futbol Elkarteak prentsaren aurreko agerraldia egingo du bihar, elkartearen zuzendaritza berria aurkeztu eta aurrera begira dituen egitasmoak eta antolaketa azaltzeko. Horrez gainera, futbol klubaren gaur egungo egoeraren berri ere emango dute.

Bihar arratsaldean, berriz, gizonezkoen lehen taldearen partida jokatuko da Garmendipe futbol zelaian. Espainiako Hirugarren mailako Lagun Onak Hernaniren aurka ariko da. Lagun Onak-ekoek azaldu dutenez sailkapeneko goiko aldera igotzeko partida garrantzitsua da biharkoa Azpeitiko taldearentzako.

Igandean alebinen txanda

Igandean alebin mailako mutilen arteko futbol partidak jokatuko dira Garmendipeko belar artifizialeko futbol zelaian. Hamar talde ariko dira han, 09:30etik 13:30era bitartean. 12:30ean, Lagun Onak-eko taldeak Oñatiko Aloña Mendiren kontra jokatuko du. Guztira 160 mutil ariko dira futbolean.

Futbol zelaian zozketak egingo dituzte, batetik Errezilgo produktuekin osatutako sortak zozkatuko dituzte eta baita San Blan harategiak emandako bi txuleta ere.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide