Azpeitiko San Silbestrearen ibilbideak ia kilometro bat gutxiago izango du aurten

Urola Kostako Hitza 2011ko abe. 16a, 18:12

Leire Ventas,

Dagoeneko proban izena emateko aukera zabalik dago

Internetez www.kirolprobak.com webgunean eman daiteke izena eta bestela, Azpeitian Aitzaki kiroldendan eta Azkoitian Plaza Berri Sport kirol-dendan

.8,3 kilometro izan beharrean, 7,4 kilometro izango ditu Azpeitiko San Silbestre lasterketako proba nagusiaren ibilbideak. Beraz, XI. edizio honetan ia kilometro bat gutxiago izango du Urte Zahar eguneko probak. 12:00etan Azpeitiko plazatik irtengo dute lasterketako parte-hartzaileek. Proba Azkoitia-Azpeitia Xeye Atletismo Taldeak antolatzen du, Azpeitiko Udalaren babesarekin eta Urola Kostako Hitza laguntzaile dela; atzo, osteguna, egin zuten aurkezpena.

Dagoeneko proban izena emateko aukera zabalik dago. Internetez www.kirolprobak.com webgunean eman daiteke izena eta bestela, Azpeitian Aitzaki kiroldendan eta Azkoitian Plaza Berri Sport kirol-dendan eman daiteke izena. Probaren egunean bertan izena emateko aukerarik ez da egongo.

Probaren ibilbidea motzagoa izanda, lasterketa "herrikoiagoa" izango dela diote Xeye Atletismo Taldekoek. Aurten hamaikagarren aldiz egingo da Azpeitiko San Silbestre lasterketa eta urterik urte parte-hartzaile kopuru handia izan duen kirol proba izan da. 2001ean antolatu zuten aurreneko aldiz eta orduan 270 lasterkari inguruk hartu zuten parte. Baina, 900 parte-hartzailetik gorako lasterketak ere izan dira, 2006. urteko Urte Zahar egunekoa kasu. Iaz 600 lasterkarik irten zuten proba nagusian.

Gizonezkoetan Azpeitiko proba Asier Cuevasek lau aldiz irabazita du; iaz azkena. Emakumezkoetan, berriz, Iratxe Aranburuk bost aldiz du Azpeitiko txapela lortuta.

XI. San Silbestre probaren datuak

  • Probaren eguna: Urte Zahar egunean, abenduaren 31n.
  • Ordutegia eta lasterketak:
    • 10:30ean, eskolartekoen lasterketak izango dira. Benjamin, alebin eta infantil neska-mutilak. Parte hartzea doan da eta izena egunean bertan eman behar dute Azpeitiko plazan.
    • 12:00etan, proba nagusia. Azpeitiko plazatik irten eta helmuga plazan izango du. Bi itzuli ditu ibilbideak. Kadeteek eta jubenilek itzuli bakarra egin behar dute, 3.700 metroko proba eginez. Seniorrek eta beteranoek, berriz, 7.400 metroko ibilbidea dute, zirkuituari bi itzuli emanda.
  • Izena emateko:
    • Eskolarteko parte-hartzaileek: doan.
    • Kadeteek eta jubenilek: 5 euro.
    • Seniorrek eta beteranoek, txip horiarekin: 10 euro.
    • Seniorrek eta beteranoek, txip horirik ez dutenak: 13 euro.
  • Izena emateko tokiak:
    • www.kirolprobak.com webgunean. Abenduaren 30eko eguerdiko hamabiak arte.
    • Kirol-dendetan: Azpeitian Aitzaki Kirolaken eta Azkoitian Plaza Berri Sport-en, abenduaren 29ko eguerdia arte.
    • Probaren egunean ezingo da izenik eman.
  • Zerbitzuak:
    • Dutxa eta aldagelak, Izarraitz pilotalekuan. Azpeitiko plazatik bertan.
    • Ludoteka zerbitzua, Iturritxiki ludotekan, plazatik bertan. 4 eta 7 urte bitarteko haurrentzako, 11:15etik 13:15era bitartean egongo da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide