2011ko balantze ekonomikoarekin "baikor" Uztarria Komunikazio Taldea

Uztarria.eus 2011ko abe. 19a, 10:12

Larunbatean egin zen ohiko bazkideen batzarrean erabaki zuten urteko kuota bere horretan mantentzea, 30 eurotan

Etorkizuneko berrikuntzen artean, epe motzean uztarria.com ataria berritzea izan zuten aipagai

Bazkideen Batzarrean hartutako erabakien harira, bazkideen 2012ko kuota bere horretan mantenduko du Uztarriak, alegia, 30 eurotan. 115.000 euroko aurrekontua izango du Uztarriak datorren urteari begira eta iazko urteko balantze ekonomikoa positiboan amaitu zela jakinarazi zen batzarrean, alde gutxigatik izan bada ere. 2011ko balantze ekonomikoarekin "baikor" geratu bada ere Komunikazio Taldea, aipatu dute datorrena ikusteke dagoela zehatz, eta aurrera nola egin ikusi beharko dute taldekoek.

Bestalde, 2011ko ekintzen balantzea egin zuten batzarrean, eta honakoak aipatu zituzten, besteak beste:

Ohi bezala Uztarria herri aldizkariaren 11 zenbaki argitaratu dira 2011. urtean zehar eta tirada mantendu egin da: 2.300 ale. Webean ere orain arteko dinamikarekin jarraitu da eta egunero 2.000 bisita ingururekin segitu da. Berrikuntzen artean, webean urte honetan bazkideen artean egin diren zozketak aipatu zituzten.

Etorkizuneko proiektuei ere tartea egin zitzaien batzarrean. Aurrera begira, liburuxka biografikoen proiektuarekin jarraitzea izango da Uztarriaren lanetako bat. Bestetik, uztarria.com webgunea berritzen ari da lan-taldea eta gauzak aurreikusi bezala joanez gero, urtarrilaren bueltan ikusgai izango dute irakurleek interneteko atari berria. Horrez gain, eragile desberdinen arteko mahai-inguruen dinamika eta bestelako proiektu txikien lanketak ere une hauetan aztertzen ari diren elementuak dira Komunikazio Taldearen baitan.

Bazkideen babesa

.1.060 bazkideren babesa jaso du Uztarriak 2011 urte honi begira, eta proiektuak aurrera egiten jarraitu ahal izateko eskerrak eman dizkiete proiektua babesten duten herritar guztiei. Era berean, erakunde publikoetatik jasotako laguntza ere eskertzekoa izan dela aipatu zuten, eta bazkideen babesaren antzera, "bizirauteko elementu garrantzitsuak" dira Uztarriarentzako.

Oraindik bazkide ez bazara, eta Uztarria komunikazio proiektuko bazkide izan nahi baduzu, eta horrekin, gure proiektu hau zeure egin, klikatu hemen eta abantaila ugariz gozatu ahalko duzu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide