Udaberritik udazkenera 25 mila bisitari izan dira Loiolan

Urola Kostako Hitza 2011ko abe. 23a, 18:12

Euren kabuz heltzen direnen kopurua igotzen ari da, eta hori ona dela azaldu dute turismo bulegokoek

.2012. urteko udaberria ingurura arte Loiolako turismo bulegoa itxita egongo da

Apirilaren 15etik abenduaren 11ra 25.155 bisitari igaro dira Loiolako santutegiko turismo bulegotik. Iaz baino bisitari gehiago izan da aurten. Hala dio turismo bulegoa kudeatzen duen Iraurgi Lantzen SA-k: "2010 urtearekiko %27ko igoera izan da".

Loiolan hartutako bisitarien jatorriaren berri ere eman dute Iraurgi Lantzeneko turismo arloko arduradunek: "Espainiako Estatukoak izan dira bisitari gehienak, %55, 13.818, hain zuzen". Gaztela eta Leon eta Andaluziatik aurreko urteetan baino bisitari gehiago heldu da Azpeitira. Hego Euskal Herriko bisitarien kopuruak ere gora egin du Loiolan: "3.344 bisitari izan dira guztira Hego Euskal Herrikoak; iaz baino %6 gehiago".

"Atzerritarrei dagokionez, 7.850 bisitari izan dira aurten, kopuru guztiaren %32. Frantziar jatorrikoak nagusitu dira herrialdeka".

Loiolako turismo bulegoan hartutako bisitari gehienak antolatutako bidaietan etorritakoak izan dira: 14.490 bisitari, guztira. Gainontzekoak, 10.665, euren kabuz etorritakoak, "lagunartean, bikote kidearekin, familian". Euren kabuz etorritako bisitariak aurten iaz baino gehiago izan direla azaldu dute bulegoaren arduradunek. "Azken urteotan euren kabuz Loiolara datozen bisitarien kopurua goraka doa. Nabarmena da joera". Hori dela eta, turismo arduradunak pozik daude. "Jarduera turistiko aldetik positiboa da, mota horretako bisitaria baita behin Loiola bisitatu ondoren, eskualdeko herrietako zerbitzuez baliatu eta bertako produktuak kontsumitzeko potentzial handiena duena, denbora izaten baitu".

Loiolako turismo bulegoan batik bat Loiolako santutegiari buruzko informazioa eskatu dute bisitariek, baita Azpeitiko Trenaren Museoari buruzkoa eta Azkoitia eta Azpeitia herriei buruzko informazio orokorra ere.

.2012. urteko udaberria ingurura arte Loiolako turismo bulegoa itxita egongo da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide