Azpeitia Zero Zaborrek batzarra egingo du hilaren 29an

Uztarria.eus 2011ko abe. 27a, 11:12

Gaiaren inguruan herritarren artean interesa eta parte hartzeko nahia dagoela ikusita deitu dute batzarra

Ostegunean, 19:00etan izango da batzarra Baigera I-en

Hondakinen arazoari aurre egiteko Azpeitia Zero Zabor lan-taldea sortu eta astebetera, herritarrengana zuzendu dira lan taldeko kideak. Zaborraren arazoari irtenbidea ematea da taldearen helburua "azpeitiar guztiak inplikatuz, herritarrei arazoak zertan datzan jakinaraziz eta herri mailan gai honen inguruan eztabaida sustatuz". Bestalde, arazoa "denok elikatu" dugula eta "guztiok izan behar dugu konponbidearen parte" ere esan dute.

Arazoaren gaineko "kontzientziazio eta inplikazio beharraz" ere aitatu dituzte. AZZek adierazi duenez, "poz handiz hartu dugu, herritar askoren interes handia eta proiektu honetan parte hartzeko prestutasuna". Taldea "irekia" dela eta "herritar ororentzat ateak zabalik ditugu", esan dute taldekoek.

Hori dela-eta, proiektu honekiko interesa eta ekarpenak egiteko (egunero nahiz, ekimen puntualetan) gogoa dutenak batzarrean parte hartzera gonbidatu nahi ditu Azpeitia Zero Zabor taldeak. Batzarra abenduaren 29an, osteguna izango da, Baigera I-en.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide