Gallardok dio kaleratzeak "ezinbestekoak" direla Corrugados Azpeitiak lanean jarraitu ahal izateko

Uztarria.eus 2011ko abe. 26a, 18:12

Zuzendaritzaren eta langileen artean ez dago momentuz akordiorik

Enpresa batzordeko ELAk eta LABek batzarrera deitu dituzte langileak biharko, abenduaren 27a

Corrugados Azpeitia lantegiak aurrera egiteko zuzendaritzak proposatutako neurriak, tartean 140 langile kaleratzea, "ezinbestekoak" direla berretsi du lantegiaren jabe den Alfonso Gallardo Taldeak, zenbait komunikabidetara igorritako komunikatuan.

Idatzi horretan, Azpeitiko lantegiaren langile kopurua "gehiegizkoa" dela eta "horri denbora gehiagoz eustea ezinezkoa" dela dio Gallardok. "Kontratuak iraungitzearen erabaki gogorra beharrezkoa da, lantegia bera eta gainerako lanpostuak mantendu ahal izateko", gaineratu du.

Krisi ekonomikoak, eta bereziki Espainia mailako eraikuntzaren krisiak, Corrugados Azpeitiaren produkzioaren merkaturatzean izan duten eragin kaltegarria ekarri du gogora Alfonso Gallardo Taldeak.

Langileen batzarra

Azaroaren 9an zuzendaritzak Lana Erregulatzeko bi txosten aurkeztu -iraungitze txostena bata, aipatutako 140 kaleratzeak bideratuko lituzkena, eta 105 eguneko suspentsioarena bestea- eta azaroaren 22an bideragarritasun plana plazaratu ondoren, Corrugadoseko zuzendaritzak eta langileen ordezkariek osatutako enpresa batzordeak Lana Erregulatzeko Txostenak indarrean sartu aurretik negoziatzeko hilabete izan dute. Epe hori igaro da eta zuzendaritzaren eta langileen artean ez dago momentuz akordiorik. Eusko Jaurlaritzak bi aldeen arteko adostasuna jarri zuen baldintza modura, enpresari egoera bideratzeko laguntzak emateko.

Enpresa batzordeko ELAk eta LABek batzarrera deitu dituzte langileak biharko, abenduaren 27a. Bilera 10:30ean hasiko dute, lantegiko Ernio aretoan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide