Urteko lehen sokamuturra gertu da. Ohi bezala, sansebastianetan aterako da zezena kalera. Urtero bezala, San Sebastian egunez eguerdian eta arratsaldean egongo da sokamuturra, 12:00etan eta 16:30ean zezena Perez Arregi plazatik aterata. San Sebastian eguna, urtarrilaren 20a, ostirala da aurten, eta asteburua gainean denez, urtarrilaren 22an, igandean, ere sokamuturra egongo da, Zezen Beltz elkarteak antolatuta.
Urtarrilaren 22an, eguerdian, sokamutur txikia izango da. Hau da, Zezen Beltzen hirugarren asteburuaren baitan joan den urriaren 12an egin zuten bezalaxe, sokarekin haurrek irtengo dute Erdikalean. Arratsaldean, 16:30ean, sokamuturra egongo da eta zezena ibiliko da alde zaharreko kaleetan eta herriko plazan.