Gaur, hilak 4, hiru erregeen laguntzaileek haur eta gaztetxoen gutunak jasoko dituzte, 17:30etik aurrera, udaletxeko arkupeetan. Urteroko legez, Baigera Erretiratuen Elkarteak antolatu du ekimena.
Bihar, osteguna, iritsiko dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar herrira. Trenaren museoan dagoen tranbian iritsiko dira hirurak, 17:30ean. Gero, 19:00etan, abiatuko da kabalgata igerileku aurretik. Bertan, Juan Antxieta Musika Eskolako, Urola Ikastolako eta Iraurgi Ikastetxeko ikasleek hartuko dute parte.
Igerileku aurretik abiatu eta Sanjuandegitik, Jose Artetxe kalera joango da kabalgata. Handik Artzubiako zubitik Arana kalera, eta Errebaletik plazara jaitsi eta Alde Zaharra zeharkatuta, plazan bukatuko da.
Gabonetako ekimenak
Gaur, asteazkena, Iraurgi Ikastetxeko ikasleek egindako jaiotza erakusketaren azken eguna izango da. Betharrametan dago erakusketa, eta askotako materialekin egindako jaiotzak ikusi daitezke.
Bestalde, Gabonetako haur parkeak ere gaur itxiko ditu ateak. 16:00etan irekiko dute gaur ere, eta 20:00etan itxiko dute. Izarraitz pilotalekuan dago abenduaren 26az geroztik.
Azkenik, bidezko merkataritza denda ere azken txanpara iritsi da. Azpeitiko Misio Taldeak zabaldu zuen abenduaren 17an, eta irekita egongo da bihar, hilak 5, arte. 8:00etatik 20:00etara egongo da zabalik.