Meltxor, Gaspar eta Baltasar iritsi dira Azpeitira

Uztarria.eus 2012ko urt. 5a, 19:01

Aurten tranbian ailegatu dira Trenaren Museora

19:00etan ekingo diote kabalgatari, igerileku aurretik abiatuta

Ekialde Urruna-Azpeitia ibilbidea osatu eta herrian dira dagoeneko Erregeak. 17:30ak pasatxo zirela, bozina joka etorri den apaindutako tranbian ailegatu dira Trenaren Museora Meltxor, Gaspar eta Baltasar. Ordurako zain zituzten dozenaka lagun, batik bat umeak eta gaztetxoak, azken horiek ahalik eta gozoki gehien jasotzeko zorroekin ondo hornituta.

Herrira iritsi berritan zain izan dituztenen artean banatu dituztenak aurreneko gozoki eta agurrak besterik ez dira izango. Izan ere, 19:00etan ekingo diote kabalgatari, igerileku aurretik abiatuta, eta kalez kale ibiliko dira. Plazan hitz batzuk egingo dituzte, ohi bezala, eta San Martin egoitzara ere egingo dute bisita.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide