Azpeitiar mendizale bat zauritu zen zapatuan, Bisaurin mendian

Uztarria.eus 2012ko urt. 9a, 12:01

Mendia igotzen ari zela irristatu eta erori egin zen

Frantziako poliziak erreskatatu zuen gazte azpeitiarra eta Olorongo ospitalera eraman zuten

Azken ordukoa (16:00): Ezker hankako peronea hautsita du B.L.A. azpeitiarrak

Joan den zapatuan, hilak 7, 30 urteko azpeitiar mendizale bat zauritu zen Bisaurin mendia (Huesca, Espainia) igotzen ari zela irrist egin eta erorita. 2.670 metrora izan zuen ezbeharra.

Frantziako poliziak erreskatatu zuen gazte azpeitiarra helikopteroz, Guardia Zibila beste erreskate batzuk egiten ari zelako. Frantziako Oloron hiriko ospitalera eraman zuten.

Azken ordukoa (16:00): Ezker hankako peronea hautsita du B.L.A. azpeitiarrak

.B.L.A. azpeitiar mendizaleak Oloronngo ospitalean jarraitzen du baina, haren senitartekoek Uztarriari esan diotenez, lehenbailehen Euskal Herrira ekarri ahal izateko izapideak martxan dituzte; oraindik ez dakite etxera ala Donostiako ospitaleren batera ekarriko duten.

Familiakoek esan dutenez, hautsitako peroneaz gain kolpe handiak ditu mendizaleak han eta hemen, baita buru aldean ere, baina egin beharreko probak egin ondoren, aparteko larritasunik gabeak dira guztiak.

.B.L.A. beste bi lagunekin iritsi zen Bisaurin tontorrera eta beherako bidean izan zuen istripua. Etxekoek kontatu dutenez, ia lau ordu egin zituen, lagunekin batera, erreskatearen zain. Azpeitiarra helikopteroan eraman zuten baina bi lagunak mendian utzi zituzten, ilunkeran. Behera abiatu eta lasterrera, lagunetako batek, Hernanikoa bera, tibia eta peronea hautsi zituen, eta hurrena haren bila joan behar izan zuten erreskate taldekoek; goizalera arte ez ziren iritsi harengana.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide