Lan Mobel ISBrentzat garaipena eta Lagun Onakentzat berdinketa urtea hasteko

Uztarria.eus 2012ko urt. 10a, 18:01

Saskibaloi taldeak ezustekoa eman eta denboraldiko laugarren garaipena lortu zuen A Coruñan (54-62)

Futbolean, Azpeitiko taldeak ezin izan zuen Garmendipen Santutxu gainditu (1-1)

Herriko saskibaloiko eta futboleko talde nagusiek, Zilarrezko LEB mailako Lan Mobel ISBk eta Hirugarren Mailako Lagun Onakek, garaipenarekin eta berdinketarekin ekin diote, hurrenez hurren, 2012. urteari

Saskibaloi taldeak ezustekoa eman eta denboraldiko laugarren garaipena lortu zuen A Coruñan (54-62) joan den igandean. Neguko atsedenaldi luzearen aurreko azken lau partidak erreskan galdu ondoren, irabazteko premia zuten Iurgi Caminosenek; baina baita aurkari zaila ere, galiziarrak sailkapenaren goikaldean dabiltzalako. Hala ere, eta jardunaldiko jokalari onena izendatua izan den Ola Atoyebiren lanean oinarrituta -22 puntu eta 13 errebote-, Lan Mobel garaipenarekin itzuli zen etxera. Horri esker, gainera, sailkapenean gora egin eta 9. postuan daude orain Iraurgikoak.

Futbolean, Azpeitiko taldeak ezin izan zuen Garmendipen Santutxu gainditu (1-1) igande arratsaldean jokatutako partidan. Urte berriko aurrena ez ezik, ligaren bigarren itzuliko aurrena ere bazen Santutxuren aurkakoa Iñaki Eskisabelen taldearentzat, eta etxean jarraian jokatutako bigarren neurketa ere bai. Eta aurrekoan Durangoren kontra gertatu bezala (0-0), puntu bakarrarekin konformatu behar izan zuen Lagun Onakek. Konformatu edo, esan beharko, azpeitiarrak markagailuan atzetik joan baitziren. Azkenean, Julen Santestebanek egin zuen etxekoen gola. Lagun Onak sailkapenaren erdi-erdian dago, 10. postuan, 27 punturekin.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide