Aitor Unanue: "Mendizaletasunarekin lotutako eskaintza zabaltzea da gure asmoa"

Urola Kostako Hitza, uztarria.com 2012ko urt. 11a, 16:01

Aitor Unanue Dorronsoro, Lagun Onak Mendi Bazkunaren lehendakari berria. (NEREA URANGA)

Joan den abendutik bera da Lagun Onak Mendi Bazkunako presidentea

2012rako federatu txartelak dagoeneko Luba Aholkularitzan eskuragarri daudela jakinarazi du Lagun Onak Mendi Bazkunak

Urtero bezala, iaz ere urte bukaeran Lagun Onak Mendi Bazkunak urteko batzar nagusia egin zuen bazkideekin. Abenduaren 17an bildu ziren Azpeitiko mendi elkarteko kideak euren egoitzan, eta, hala egokitzen zelako, lehendakaria hautatu zuten (lau urtetik behin aukeratzen dute). Aitor Unanue Albizuriren lekukoa hartuta, Lagun Onak Mendi Bazkunaren presidente kargua Aitor Unanue Dorronsorori (Azpeitia, 1981) egokitu zitzaion. Hala, presidenteorde izatetik presidente izatera pasatu da.

Kargua lau urterako hartzen dute mendizale elkarteko zuzendaritzakoek edo batzordekoek, baina plangintza urtez urte egiten dute. "Aurtengo asmoa urteroko eskaintzei eta lantzen ditugun modalitateei eutsita, eskaintza zabaltzea da. Hau da, eski aldetik ez dugu ezer eskaintzen, eta eskaladan ere ez daukagu ezer asko. Beraz, mendiarekin lotutako alor horietara gure eskaintza zabaltzea da gure nahia", dio Unanue Dorronsorok.

Gaur egun mendi elkartearen baitan mendizaletasunarekin lotutako hainbat alor jorratzen duten azpi taldeak eta arduradunak daude. "Mendi lasterketak, mendiko bizikleta, haurren irteerak, helduen irteerak eta Pirinioetako irteerak antolatzeko arduradun jakin batzuk daude. Alor guztietako ordezkariak astero batzordean bildu, eta bertan jardunean jarduneko kontuak aipatzen ditugu". Gaur egun, mendizaletasunarekin lotutako alor horiek guztiak lantzen dituzte, baina batzuk berriak dira. "Duela lau urte ez zegoen lasterketak edota mendi bizikleta irteerak antolatzeko talderik. Berriak direla esan dezakegu, beraz", dio Unanue Dorronsorok.

Aurtengo irteeren eta ekitaldien egutegia osatuta eta argitaratuta dute Lagun Onakekoek (www.lagunonakmb.org webgunean ikusgai dago). Baina ekitaldiak gehitzeko ateak irekita dituzte. "Ateak beti irekita ditugu, eta norbaitek mendizaletasunarekin lotutako proposamenen bat egin nahiko balu, proposa dezala. Eta horri tokia egiteko aukera badugu, egingo diogu".

Urritik egutegia prestatzen

Urrian hasten dira mendizaleak hurrengo urteko ekitaldien eta irteeren egutegia osatzen. Aurtengo egutegian, berrikuntza handirik ez dagoela dio. Baina berritasun txiki batzuk badituzte, batik bat ekainean, eta haur eta gaztetxoei zuzenduta. Ekainaren 17an gaztetxoentzako mendi bizikleta irteera antolatuko dute, eta ekainaren 30ean, gaztetxoentzako asteburu-pasa Okaben.

Lantzen dituzten arloen artean harrera onena dutenak haur eta gaztetxoen irteerak direla azaldu du Unanue Dorronsorok: "Irteera horietan autobusak bete egiten dira". Azkenaldian makalenak dabiltzanak, berriz, Pirinioetara-eta antolatzen dituzten helduentzako irteerak dira. "Duela bi urte, Alpeetara irteera antolatzeko eskatu ziguten. Orduan Pirinioetara-eta antolatzen genituen irteeretan orain baino jende gehiagok hartzen zuen parte. Orain ez dakigu zergatik, baina taldetxo bat elkartzen gara".

Xoxoteko aterpea ere Lagun Onak Mendi Bazkunarena da. Aterpea oso ondo funtzionatzen ari dela eta, gustura daude Azpeitiko mendizaleak. Ia astebururo beteta egoten dela esan du presidenteak, eta orain, gainera, ikastetxeetako taldeak erakarri nahi dituzte bertara.

Iaz hainbat berrikuntza egin zuten Xoxoteko aterpean. Besteak beste, hezetasuna saihesteko hainbat lan egin, eta biltegia egokitu zuten. Baina garrantzitsuena Interneta jartzea izan da. "Aterpeko erreserba Internetez egiteko aukera jarrita zuten, baina gero han goian ez zuten konexiorik. Orain jarri dute, eta alde horretatik gustura daude aterpezainak. Kataluniarrak eta alemaniarrak interesa azaltzen hasi omen dira".

Beste taldeekin elkarlana

Beste eragile eta mendi elkarte batzuekin elkarlanean ere aritzen da Lagun Onak Mendi Bazkuna. Azpeitiko Argazki Elkartearekin argazki rallya antolatzen du, eta Azkoitiko Anaitasuna Mendi Bazkunarekin eta Zestoako Agiro Mendi Taldearekin hainbat irteera batera egiten dute.

Igandean Ekainberrira

Datorren igandean, urtarrilak 15, haur eta gaztetxoentzako goiz ibilaldia antolatu dute Lagun Onak Mendi Bazkunakoek. Aittola-Ekainberri da egingo duten ibilbidea. Igandean, 08:30ean, Azpeitiko plazan autobusa hartu, eta Aittolara joango dira. Aittolatik oinez, Goltzibartik barrena, Ekainberrira jaitsiko dira. Gero, Zestoako Gurutzetik autobusez itzuliko dira Azpeitira. Parte hartzen dutenek Ekainberri ikusteko aukera izango dute.

Ibilaldian parte hartu nahi dutenek biharko (urtarrilaren 12a) izena eman behar dute mendizaleen tabernan edota ww.lagunonakmb.org webgunean. Autobusa eta Ekainberrirako sarrera mendizale elkarteko bazkideek 7 euro ordaindu beharko dute eta gainontzekoek 8 euro.

Azpeitiko mendizaleek antolatutako hurrengo irteera helduentzako izango da urtarrilaren 28an. Orduan, Azpeitia-Aizarna-Azpeitia ibilbidea egingo dute.

Federatu txartelak eskuragarri

Bestetik, 2012rako federatu txartelak dagoeneko Luba Aholkularitzan eskuragarri daudela jakinarazi du Lagun Onak Mendi Bazkunak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide