ELAk Corrugadoseko kaleratzeen kontrako helegitea jarriko duela iragarri du

Uztarria.eus 2012ko urt. 12a, 10:01

Lan Delegaritzak Corrugadosek aurkeztutako Lana Erregulatzeko Espedienteak onartu dituela-eta jarriko du helegitea

ELAk jakinarazi duenez, "Corrugadoseko ordezkari sindikalek eta langileek prentsa bidez jakin dute Lan Delegaritzaren erabakia zein zen eta errespetu falta eta onartezina da"

Atzo, asteazkena, Lan Delegaritzak Azpeitiko Corrugados enpresak aurkeztutako Lana Erregulatzeko Espedienteak onartu zituen. Hori dela-eta, 100 lagun kaleratuko ditu enpresak. Erabaki horren aurrean ELAko metalgintza arloko ordezkariek esan dute kaleratze horien kontrako helegitea aurkeztuko dutela: "txostena eskuartean izan ahala zentzugabekeria horren aurka egiteko helegitea aurkeztuko dugu".

ELAko ordezkarien iritziz "oso larria da Lan Delegaritzak 100 kaleratze onartzea": "Benetan larria da Lan Delegaritzak enpresa batzordearen txostena kontuan hartu gabe 100 kaleratze onartzea, eta beste behin lanpostuak suntsitzen eskutik hartuta dabiltza administrazioa eta patronala".

Bestalde, Gipuzkoako Delegaritzari Azpeitiko lantokiak martxan jarraitzea nola bermatuko duen eta berme horiek bete ezean zer gertatuko den azaltzea eskatu diete ELAko metalgintza arloko ordezkariek.

ELAk jakinarazi duenez, "Corrugadoseko ordezkari sindikalek eta langileek prentsa bidez jakin dute Lan Delegaritzaren erabakia zein zen eta errespetu falta eta onartezina da". Hori guztia dela-eta, ELAk "langileen eskubideen alde lanean" jarraituko duela azaldu du.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide