Jose Luis Frantzesenak danborradako piezak pianorako moldatu ditu

Uztarria.eus 2012ko urt. 12a, 13:01

Jose Luis Frantzesena liburuxkaren egilea, Iñaki Portilla zinegotzia eta Mikel Ibarzabal Festa Batzorde burua, udaletxe azpian.

Pieza horiek liburuxketan jaso ditu, eta musika eskolan daude eskuragarri

Itziar Oiarzabal eta Maria Jesus Garmendia omenduko ditu Udalak haurren danborrada egunean, Erregeen kabalgata antolatzen egindako lanagatik

San Sebastianak gerturatzen ari direla-eta, Jose Luis Frantzesenak danborradako piezak pianorako moldatu, idatzi eta liburuxka batean jaso ditu. Frantzesenak esan duenez, "piezak erraztu" egin ditu. "Beharrezko lana" dela ere uste du: "Jendeak pieza non eskuratu zitezken galdetzen zuen eta, orain, nahi duenak Juan Antxieta Musika Eskolan ditu eskuragarri". Pianorako piezak moldatzen pare hiru bat aste pasatu dituela ere esan du Frantzesenak.

Bestetik, danborradako piezak zein Karnabaletako abestiak jasotzen dituzten diskak salgai daude Sanagustinen, 10 euroren truke.

Helduen danborrada

Danborradari dagokionean, hainbat aldaketa eta berrikuntza izango dira helduen danborradan. Iaz ez bezala , 22:15ean hasiko da eta talde berri batek ere irtengo du aurreneko aldiz: Oñatz, gastadoreen danbor taldea. Ibilbidea motzagoa izango da, Damaso Azkue auzoko zubitik egiten zuen buelta kendu egingo dute-eta.

Guztira, 26 danbor talde eta gastadoreen taldea izango dira 2012ko helduen danborradan. Horrenbestez, 1.200 bat lagunek hartuko dute parte.

Haurren danborrada

Haurren danborrada 12:30ean hasiko da. 600 bat ume eta gaztetxok hartuko dute parte, hamar taldetan banatuta. Urteroko legez, karroza ere izango da danbor-joleen atzetik, eta Ikasberriko ikasleak aterako dira bertan. Rebeka Larrañaga ari da karroza egiten eta Azpeitia: musika eta kirola ardatz da lana egiteko jarritako gaia.

Bestalde, Itziar Oiarzabal eta Maria Jesus Garmendia omenduko ditu Udalak haurren danborrada egunean, 12:30ak inguruan. Mikel Ibarzabal Festa Batzordeko buruak esan duenez, "omenalditxoa egingo zaie Erregeen kabalgatan lan ugari egin dutelako; bai pintatzen, bai taldeari laguntzen..."

Pilota partidak

Sansebastianetan eskuzko pilota partida profesionalak antolatu ditu Azpeitiko Udaleko Kirol sailak. Partidak San Sebastian egunez izango dira, urtarrilaren 20an, 18:15ean hasita, Izarraitz pilotalekuan.

Lehenengo partida, binakako promozioko txapelketakoa izango da: Tainta eta Argote Mendizabal III.aren eta Ladis Galarzaren kontra. Bigarrena, berriz, Xalak eta Laskurainek Arretxe II.aren eta Beginoren kontra jokatuko dute.

Sokamuturra bi egunetan

Hilaren 20an, San Sebastian Eguna, eta 22an, zapatua, izango da aurten sokamuturra. Guztira lau saioa egingo dituzte. Informazio gehiago Zezen Beltzen webgunean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide