Herriko 47 enpresa, denda eta entitatek eskuratu dute Bai Euskarari Ziurtagiria

Uztarria.eus 2012ko urt. 12a, 18:01

Bai Euskarari Ziurtagiria jasotzera joan direnak, Ziurtagiriaren Elkarteko eta Udaleko ordezkariekin.

Banaketa ekitaldia eguerdian egin dute Sanagustinen

2010az geroztik egindako sustapen lanaren ondoren Azpeitian ziurtagiria dutenen kopurua bikoiztu egin da

Bai Euskarari Ziurtagiriak banatu ditu gaur, osteguna, Ziurtagiriaren Elkarteak Sanagustinen. Ainhoa Beristain eta Mari Jose Iturria zinegotziek eta Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendari Rober Gutierrezek banatu dituzte ziurtagiria.

Ekitaldira gutxiago agertui badira ere, guztira herriko 47 enpresa, saltoki eta era guztietako entitate dira Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratu dutenak. Horietatik zortzik Zerbitzua eta lana euskaraz maila lortu dute -tartean Uztarriak-, 28k Zerbitzua euskaraz maila, eta gainerakoek Bidean maila.

Ziurtagiriaren Elkarteak 2010az geroztik egindako sustapen lanaren ondoren Azpeitian ziurtagiria dutenen kopurua bikoiztu egin da; aipatu kanpainaren aurretik 28 ziren herrian ziurtagiria zuten entitateak. Maila igo dutenen artean, Otamendi erloju eta bitxidenda eta Katuka zerbitzua euskaraz emateko gai dira orain. Era berean, azken urtean hiru entitate berrik eskuratu dute ziurtagiria: Biur arropa dendak, Carmona ehorzketa etxeak eta Esnaola elektrizitate eta elektronika etxeak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide