LAB: "Lan Sailaren ebazpenak ez du enplegua bermatzen Corrugadosen"

Urola Kostako Hitza 2012ko urt. 13a, 11:01

Corrugados Azpeitia enpresaren gaineko ebazpena laborala baino, politikoa dela dio sindikatuak

LABen arabera, enpresak ez du benetako apustua egiteko borondaterik

Oso kritiko azaldu da LAB sindikatua Eusko Jaurlaritzako Lan Delegaritzak Corrugados Azpeitia enpresaren gainean emandako ebazpenarekin. "Ebazpen hori ez da benetako konponbidea, eta egoerari ez dio bideragarritasun plan batean oinarritutako irtenbide alternatiborik ematen". Ebazpena laborala baino, politikoa izan dela gaineratu du sindikatu abertzaleak. "Lan Delegaritzaren ebazpen horren bitartez euskal gobernuak Alfonso Gallardo Taldeari babes politiko osoa ematen dio". LABek, ELArekin batera, Lan Sailaren ebazpenari helegitea jarriko dio.

.420 langile ditu gaur egun Corrugados Azpeitiak, eta horietatik ehun kaleratzea onartu du Lan Sailak, eta gainontzeko 320 langileri ekainera bitartean 60 eguneko dosierra ezarriko zaie. Hori da Gipuzkoako Lan Delegaritzak enpresako zuzendaritzak aurkeztutako lana erregulatzeko bi txostenen gainean hartu duen erabakia. LABen arabera, horrek enpresaren aldetik enplegua bermatzeko konpromisorik ez du jasotzen: "Enpresaren berme bakarra 2012-2016 urteen artean Espainian eraikuntza sektorean izango den hazkundearen aurreikuspenean oinarritzen da. Beraz, berme horrek ez du inongo balio juridikorik; hutsa da".

Sindikatuak salatu duenez, langile gehiago kaleratzeko aukerari ateak zabalik utzi dizkio Lan Delegaritzak. "Ebazpenak zera dio: Espainian eraikuntza sektoreren etorkizuneko bilakaeraren arabera, aurreikuspenak betetzen diren neurrian kaleratzeak beharrezkoak izango diren ala ez ikusi beharko dela".

Kalte-ordainez

Langileen kalte-ordainen berme bezala, berriz, Gallardo Taldearen ordainketa solidarioa bakarrik aurkeztu dutela ohartarazi du LABek, eta hori ere ez da berme nahikoa, "ezin baita jakin hurrengo urteetan zein izango den Gallardo Taldearen ibilbidea".

LABen ustez, Lan Delegaritzak eta Corrugados Azpeitia enpresak atzetik negoziatzen jardun dute. "Zuzendaritzak, Enpresa Batzordearekin negoziazioan, ez du onartu nahi izan enpleguaren inguruko bermerik. Eta, orduan, nola uler daiteke ebazpenean enpresak bermea eman izana? Bada, atzetik negoziatu dutelako". Era horretan, Lan Delegaritza egoerari benetako irtenbidea ematen saiatu beharrean, "erantzukizunak gainetik kentzen" saiatu dela dio sindikatuak.

Corrugados Azpeitia enpresak ez duela "benetako" bideragarritasun planik salatu du LABek, beste behin. Horrela arazoari irtenbiderik ezin zaiola eman esan du. "Enpresak bideragarritasun planik ez du aurkeztu, ez duelako. Bideragarritasun planean ez da produktuaren dibertsifikazioan edo espezializazioan sakondu". Sindikatuaren ustez, "enpresak ez du benetako apustua egiteko borondaterik".

Erabakia politikoa

Lan Sailak emandako ebazpena Gallardo Taldeari mesede egiten dion erabaki politikoa da, LABen arabera. "Enpleguaren bermearen inguruan ebatzi dutena, berriz, gobernuak berak bizkarra babesteko erabaki duen trikimailu bat besterik ez da".

Sindikatu abertzaleak azaldu duenez, azkenengo urteetan Extremaduran PSOEk Alfonso Gallardo Taldea "bultzatu eta indartu" du, "haren aldeko apustu nabarmena eginez". Hala, orain Lan Delegaritzak emandako ebazpena termino politikoetan emandakoa dela "begibistakoa" da: "Kontuan izan behar da Eusko Jaurlaritza PSEren eskuetan dagoela".

Corrugados Azpeitian lehenengo Lana Erregulatzeko Txostena martxan jarri zutenean, LABek zer etorriko zen aurreratu zuela esan du. "Tamalez, LABek asmatu egin du". Lehenengo Lana Erregulatzeko Txostenari aurre egin behar zitzaiola ohartarazi zuen sindikatuak bere garaian. Eta ohartarazi zuen lehenengo txostenak ondorio bezala kaleratzeak eta lan baldintzen kontrako erasoak ekarriko zituela.

Sindikatuak orain artekoari eusten dio: "Sinesgarritasuna duen bideragarritasun plan batean oinarritutako benetako apusturik egiten ez bada, aurrerantzean ere orainarte gidoiak segi dezake". Beraz, LABek egoera salatzen segitzeko asmoa du. "Mobilizazioekin, eta instituzioei dagokien ardura eta erantzunkizun maila hartzeko eskatuz".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide