Maite Bereziartua: "Zuzentzeko pieza zailenak betikoak dira, berrietan arreta gehiago jartzen dut-eta"

Uztarria.eus 2012ko urt. 16a, 13:01

Maite Bereziartua Oñatz taldeko zuzendaria da.

Oñatz, gastadoreen taldeko zuzendaria da Maite Bereziartua

Gaur, astelehena, egingo dute lehenengo entsegu orokorra 21:00etan hasita, Izarraitz pilotalekuan

Sansebastianak ate joka diren honetan, talde berri bateko, Oñatz gastadoreen taldeko, zuzendariarekin hitz egin du Uztarria.com-ek: Maite Bereziartuarekin. Bereziartuak esan duenez, "taldean 35 danborjole gara, eta 29 edo 30 emakumeak".

Gaur, astelehena, izango da helduen lehenengo entsegu orokorra , 21:00etan, Izarraitz frontoian. Han izango dira talde berriko kideak ere.

Zer dela-eta irtengo zara zuzendari?

Zuzendari irtetzen dudan lehenengo aldia da. Berez ez nintzen ni zuzendaria. Jaime Amenabar zen irtetzekoa, baina arazo batzuk tarteko, ezingo du irten, eta neuri proposatu zidan. Lehengo asteartean jaso nuen eskaintza, eta baietz esan nion, probatze aldera. Orain urduri nago, baina gustura.

Danborra jotzen irten al duzu inoiz?

Bai, danborra jotzen bi urtez atera naiz. Julian Barrenetxea taldetik irten naiz bietan, eta oso esperientzia ona izan da.

Nahikoa entseatu al duzu? Eta, zuzendariren bat izan al duzu irakasle?

Bai, ari naiz. Autoan Sansebastianetako diska dabilkit bueltaka, eta izorratzen ez baldin bada, ondo. Bestalde, danborrak joan den astean jaso genituen, eta entsegu batzuk egin ditugu dagoeneko.

Neure kasa ikasi dut. Ez dit inork erakutsi. Musika Eskolako umeen entseguetan-eta han izaten nintzen, eta zerbait banekien.

Gaur izango da lehenengo entsegu orokorra. Urduri al zaude?

Taldearen aurrean egon naiz eta badakit talde aurrean egoten. Horrek ez nau urduritzen. Ohituta nago jendaurrean egoten, lana dela-eta. Ez zait arrotza egiten eta gustatu egiten zait.

Osteguna gainean da.

Bai, hala da. Ostiralerako urduriago nago, talde gutxiago irtengo dira-eta. Ostegunerako ere urduri nago, baina ostirala ere...

Doinu bat aukeratzekotan, zein?

Betidanik Mandioko Polka gustatu zait gehien.

Zuzentzeko piezarik zailena?

Zuzentzeko zailena? Ez dakit. Betikoak dira despistatzeko errazenak. Berrietan arreta gehiago jartzen dut-eta.

Betikora, hau da, danborradaren ohiko hasiera ordura bueltatzea zer iruditzen zaizu?

Ordu hobea iruditzen zait aurtengoa. Iaz dena lekuz kanpo zegoen. Plazakoa bukatu eta orain zer? galdetzen genion geure buruari. Lehengo urtekoa ez zitzaidan gustatu.

Artalde zintzoa al duzu?

Bai, artaldea zintzoa da. Azken entseguetan sentsazio ona izan nuen, eta hori ona da. Gustura gaude, lehenengo aldia da-eta. Pasatutakoan, agian, hobeto egongo gara.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide