Sokamuturraren dokumentalaren DVDa berriro salgai da hainbat tokitan

Mikel Odriozola (Zezen Beltz elkartea) 2012ko urt. 18a, 13:01

Juantxo Txikin, Sanagustinen eta Eguzkitzan daude Soka ez da eten lanaren aleak, 10 eurotan

Zezen Beltzek iazko otsailean aurkeztu zuen dokumentala, eta mila aleko tiradatik %15 baino ez da geratzen saltzeko

Berriz ere sokamutur garaia dugu Azpeitian, sansebastianekin —egitaraua— eta karnabalekin —otsailaren 19, 20 eta 21ean izango da—, eta Zezen Beltz ekarteak Soka ez da eten sokamuturrari buruzko dokumentalaren DVDa berriro salgai jarri du herriko hainbat tokitan: Juantxo Txikin —lehendik ere bazen—, Sanagustin kulturgunean eta Eguzkitzan. 10 euro balio du aleak.

Iazko otsailaren 26an aurkeztu zuen Zezen Beltzek dokumentala, Sanagustinen. Mila aleko tirada atera zuen, eta oso harrera ona eduki du, aleen %15 inguru baino ez direlako geratzen saltzeko.

Ordu eta laurdeneko iraupena du DVDak. Lehen partean sokamuturraren historia eta atzean dagoen lana kontatzen ditu —ganaduzaleena eta sokamutilena—. Sokaren ezaugarriak eta istorioak ere badaude aurreneko partean. Bigarrengoan, berriz, Botijo zezen mitikoa, Etxe Zurineko garai bateko irteera, segurtasun neurriak, argazki lehiaketa, irudi bitxiak (harrapaketak, zezena tabernetan eta karreretan, sokamuturra elurretan...), Zezen Beltzen jarduerak eta abar ikus daitezke, baita 2011ko sansebastianetan zezenari eta sokamutil bati buruan jarritako kameretako irudiak ere.

Enekoitz Esnaola kazetaria izan zen dokumentalaren zuzendaria eta Lara Madinabeitia errealizadorea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide