Ordu batzuk besterik ez sansebastianetarako

Uztarria.eus 2012ko urt. 19a, 12:01

Helduen danborradako taldeak plazara iritsitakoan horrela jarriko dira.

Helduen danborrada 22:15ean abiatuko da Olazko Amaren plazatik

Bihar, haurren txanda izango da, eta 12:30ean abiatuko da danborrada Aranetik

Iritsi da herritar askorentzat egun handia. Ordu batzuk besterik ez dira falta helduen danborrada hasteko, eta prestaketa lanetan murgilduta da herria. 22:15ean hasiko da helduen danborrada Olazko Amaren plaza aurretik, 1.200 bat herritarrek hartuko dute parte 27 danbor taldetan banatuta. 00:00etan, Imanol Elias idazle eta historialaria omenduko dute.

Helduen danborradaren aurretik, arratsaldean, herriko ikastetxeetan egingo dituzte danborradak. Karmelo Etxegarai Ikastolan, Euskal Herriako eraikinean, 15:30ean hasiko dute danborrada. Aldiz, Perdillegi kaleko eraikinean 16:15ean hasiko dute. Azpeitiko Ikastola Ikasberrin 16:00etan hasiko dute danbor festa. Iraurgi Ikastetxean ere 16:00etan hasiko dute, baina eguraldia dela-eta, zehazteko dute zein eraikinetan izango den.

Talde berri bat izango da aurtengo helduen danborradan: Oñatzbideko gastadoreen taldea. Uztarria.com-ek elkarrizketa egin zion joan den astelehenean taldeko zuzendari Maite Bereziartuari .

Bihar, San Sebastian eguna, txikien txanda izango da. Aranetik irtengo dute txikienek, 12:30ean. Urteroko legez karroza izango da danbor taldeen atzetik, eta aurtengoa Rebeka Larrañagak egin du. Bezperakoa ez da izango aurtengo festen omenaldi bakarra. San Sebastian egunez, Itziar Oiarzabal -Imanol Eliasen emaztea, hain zuzen- eta Maria Jesus Garmendia omenduko dituzte, Erregeen kabalgatan egindako lanagatik .

Bihar, bestalde, bandera jaitsiera egingo dute. Sanjuandegitik abiatuko da danborrada, eta Alde Zaharrean buelta eginda, plazan bukatuko da. Udal ordezkariek bandera jaitsiko dute Loiolabide Zahar, Oñatzbideko Gastadoreak, Zulo Zabal, Loiolatxo, Itsasi eta Harkaitza elkarteen laguntzarekin.

Dena dela, Sansebastianetan ez da danborrada bakarrik izango. Bihar, hilak 20, pilota partidak eta sokamuturra izango dira-eta, besteak beste.

Dena edo ia dena prest da, beraz, gaurko zein biharko danborradetarako. Astelehenean hasita, hiru entsegu egin dituzte haur eta helduek .

Gauez autobus zerbitzua

Sansebastianak direla-eta, autobus zerbitzu berezia jarri du Eusko Trenek Azpeititik Zumaiarako, Zestoarako eta Azkoitiarako. Azpeitiko anbulatorio aurretik irtengo dira autobusak 01:00etan, 02:00etan, 03:20ean, 04:00etan eta 05:20ean. Azpeitia-Zestoa-Zumaia ibilbidea egingo duten autobusek Trenaren Museo aurreko geltokitik abiatuko dira 02:30ean eta 04:30ean.

Sansebastian bezperako egitaraua ikusteko egin klik hemen . Sansebastian Eguneko egitaraua ikusteko, berriz, klikatu hemen .

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide