Abian da Joxe Takolo Bekaren 2012ko deialdia

Urola Kostako Hitza, Uztarria.com 2012ko urt. 19a, 11:01

Mendiarekin lotutako proiektuak aurkeztu beharko dira, udaletxean

Martxoaren 31 da proiektuak entregatzeko azken eguna

Goi-mendizaletasunarekin lotutako proiektuak bultzatzeko helburuarekin sortu zuten Joxe Takolo Beka, Joxe Urbieta Takolo azpeitiar mendizalea zena gogoan. Proiektuak jatorrizkoak eta maila handikoak izan behar dute. Aurtengo deialdia abian da, eta egitasmoak martxoaren 1etik 31ra bitartean aurkeztu beharko dira Azpeitiko udaletxeko erregistroan.

Diru-laguntza 4.200 eurokoa da. Dirua Azpeitiko Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Euskal Herriko Mendi Federazioak jartzen dute.

Bekara aurkezteko proiektuek goi-mendizaletasunarekin lotura izan behar dute, eta aurten bertan egitekoa izan behar du. Proiektua antolatzen edo parte hartzen dutenek Euskal Herriko mendizaleak, mendi elkarteak edota beste era bateko elkarteak edo taldeak izan behar dute.

Aurkeztutako egitasmoen artean zein diruz lagundu erabakitzeko mahaia Azpeitiko Udaleko, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Euskal Herriko Mendi Federazioko ordezkariek osatuko dute. Erabakia apirilaren 1etik 15era bitartean hartuko dute.

2001ean sortu zuten Joxe Takolo Beka.

Joxe Takolo beka jaso dutenak

.2001: Pumori .

.2002: Nanga Parbat 2002 .

.2003: Elurretako leopardoa

.2004: Trangoko dorreak eta Ametsak mugimenduan noraino? 8c-aren kateraino .

.2005: Euskal espedizioa Baintha Brakk .

.2006: Ez zuten beka eman .

.2007: Mendi Bira 2007: escaladas de alta dificultad alrededor del mundo .

.2008: Marokon eskalada .

.2009: Eiger Northwand aske, Peru-Huayhuash espedizioa, Piolet kapitaina espedizioa Shisha Pangmara, eta Azkoitiarrak Fitz Roy-n espedizioa .

.2010: Patagonia-Fitz Roy espedizioa .

.2011: Ez zuten beka eman .

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide