'Denon artean' kanpaina azken txanpan sartu da

Uztarria.eus 2012ko urt. 23a, 18:01

Kultura arloko bilera, Betharramdarretan egin zutena.

Gaur hasi eta otsailaren 3a bitartean egingo dituzte falta diren azken zortzi bilerak

Ondoren batzar orokor bat egingo dutela aurreratu du udal gobernuak, bileretan jasotako proposamenei erantzuna eman eta aurrekontuen proposamena aurkezteko

Aurrekontu parte-hartzaileen prozesua, Denon artean kanpaina, azken txanpan sartuko da gaurtik aurrera. San Sebastian festen etentxoaren ondoren, gaur hasi eta otsailaren 3a bitartean egingo dituzte falta diren azken zortzi bilerak. Azken orduko data aldaketaren bat tarteko, hauxe da geratzen diren bileren egutegia:

  • Urtarrilak 23, astelehena: Festak. Baigera I-en, 19:00etan.
  • Urtarrilak 24, asteartea: Gizarte Zerbitzuak (imigrazioa). Baigera I-en, 19:00etan.
  • Urtarrilak 25, asteazkena: Gizarte Zerbitzuak (behar sozialak). Baigera I-en, 19:00etan.
  • Urtarrilak 26, osteguna: Baserritarrak. Baigera I-en, 19:00etan.
  • Urtarrilak 30, astelehena: Euskara. Baigera I-en, 19:00etan.
  • Urtarrilak 31, asteartea: Gizarte Zerbitzuak (dependentzia,urritasun fisikoak, hirugarren adina...). Baigera I-en, 19:00etan.
  • Otsailak 1, asteazkena: Paulo VI.a, Jose Artetxe eta Artzubia. Baigera I-en, 19:00etan.
  • Otsailak 3, ostirala: Gazteak. Gaztetxean, 19:00etan.

"Ekimen emankor eta arrakastatsua"

Orain arteko bileren eta prozesuaren nondik norakoen balorazio positiboa egin dute Udalean. Denon artean kanpaina "Azpeitiaren eraikuntzan mugarri bat izango delakoan" daude: "Esperientzia pilotu bezala, froga gisara martxan jarri bagenuen ere, herritarren aldetik jasotako erantzunak, ekimen emankor eta arrakastatsua bilakatu du".

Aurrekontu parte-hartzaileak sustatzeko antolatu diren bileretan, orain arte, 450 lagunetik gora hartu dute parte, "sentsibilitate oso desberdinetako herritarrak", kanpaina bultzatu dutenen esanetan; horrek "indar eta balio berezi bat ematen dio kanpainari", esan dute.

Prozesuan aurreikusitako bilerak amaitu ondoren batzar orokor bat egingo dutela aurreratu du udal gobernuak, bileretan jasotako proposamenei erantzuna eman eta aurrekontuen proposamena aurkezteko. Batzar orokor hori noiz izango den ez dute oraindik zehaztu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide