Lan Mobel ISBren garaipena eta Lagun Onaken porrota astebukaeran

Uztarria.eus 2012ko urt. 23a, 21:01

Lan Mobel ISBk atzo, igandea, jokatu zuen Ourenseren kontra Azpeitiko kiroldegian, eta 84 eta 70 nagusitu zen Iraurgi

Hirugarren Mailako Lagun Onakeko taldeak 2-1 galdu zuen Alaves B-ren kontra atzo jokatutako partida

Joan den asteburuan bezala, Lan Mobel ISBk irabazi eta Hirugarren Mailako Lagun Onakeko taldeak galdu egin zuten atzo, hilak 22, ligako partida.

Ohikoa ez bezala, atzo, igandea, eguerdiko 12:00etan neurtu zituen indarrak Lan Mobel ISBk Ourenseren kontra, eta 84 eta 70 nagusitu zen Iraurgi. Jende ugari bertaratu zen Azpeitiko kiroldegira, eta hirugarren garaipena segidan, eta guztira seigarrena eskuratu zuen etxeko taldeak. Lau laurdenetan aurretik izan zen Iraurgi.

Aldiz, Hirugarren Mailako Lagun Onakeko taldeak galdu egin zuen. 11:30ean zuten hitzordua Alaves B-ren kontra, Gasteizen. Partida oso berdindua izan zen, baina azken txanpan 2-1 nagusitu zen talde arabarra. Oinatz Elustondo azpeitiar jokalariak sartu zuen Lagun Onaken gola.

Beteranoen taldea

Lagun Onak Futbol Taldea helduen eta beteranoen taldea osatzekotan dabil, datozen hilabeteetan partidaren bat edo beste jokatzeko. Antolatzaileek esan dutenez, lehenengo partida martxoan jokatzea aurreikusten dute, eta egunotan hasiko dira taldea osatzen eta entrenamenduak egiten.

Taldea osatzeko eta antolatzeko bilera bat egingo dute bihar, asteartea, 20:00etan, Garmendipe futbol zelaiko ofizinetan. "Taldeari forma emateko" baldintza batzuk jarri ditu Lagun Onakek: azpeitiarra izatea, Lagun Onaken lehenengo taldean jokatutakoa izatea eta 1965 eta 1980 urteen bitartean jaiotakoak izatea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide