Pasa den larunbat gauean Azpeitian gizon bat atxilotu zuten emakume baten aurka erabilitako indarkeriagatik. Atxiloketa honek indarkeria kasu bat azaleratu du, baina ez da Azpeitian gertatzen den kasu bakarra. Emakumeen kontrako indarkeria eguneroko kontua da Azpeitian ere, ikusezintasunean eta ixiltasunean pasatzen dena eta heriotza bat gertatu arte egunkarietako lehen lerroak hartzen ez dituena.
Azaroaren 25ean ateratako datuek Azpeitian ere tratu txarrak jasaten dituzten emakume ugari daudela agerian uzten dute (18 emakumek jo zuten gizarte zerbitzuetara, hau iceberg-aren punta izan liteke, emakume askok arrazoi desberdinengatik estali egiten dituztelako gizonengandik jasaten dituzte tratu txarrak).
Emakumeen kontrako indarkeria kasuen aurrean ezin dugu bat bera ere pasatzen utzi. Herritarrok jarrera aktiboa hartu behar dugu inguruan ikusten ditugun tratu txarren kasuen aurrean, ezin ditugu begiak itxi eta bestaldera begiratu ezer gertatu ez balitz bezala jokatuz. Horrek emakumeen kontrako indarkeriaren konplize eta erantzule egiten baigaitu. Emakume izate hutsagatik menpekotzat hartzen gaituztenei argi geratu behar zaie gure gizartean ez ditugula nahi, eta denoi dagokigu maila pertsonalean honen aurreko jarrera aktiboa hartzea. Instituzioei dagokienez ez da nahikoa hilketa dagoenean kontzentrako lehen lerroan egotea eta salaketarik ezean hilketa hau eragozteko bitartekoak jartzeko gaitasunik ez izatea. Emakumeen kontrako indarkeriak urtero 10 hilketa inguru eragiten ditu Euskal Herrian, bortxaketak, jipoiak, Egoera larria da eta instituzioek dagokion larritasunaren mailako garrantziaz hartu behar dute gaia.
Emakumeon arteko elkartasuna eta autodefentsa feminista emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko tresna garrantzitsuak dira. Horregatik Azpeitiko emakumeak Bilgune Feministak antolatzen dituen autodefentsa txokoan parte hartzera deitzen ditugu, geure artean elkartu hausnartu eta errealitate honi aurre egiteko bitarteko kolektiboak lantzeko.