Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdirako izen-ematea zabalik

Uztarria.eus 2012ko ots. 6a, 20:32

Martxoko azken larunbatean, hilaren 31n, egingo dute aurten ere Diego Garcia zenaren oroimenezko lasterketa. Internet bidez duela aste batzuk ireki zuten izena emateko aukera (lasterketaren webgunean eta www.kirolprobak.com-en) eta gaurtik aurrera, otsailak 6, hainbat dendetan ere apuntatu ahal izango dira lasterkariak.

Dendetan izena emateko epea martxoaren 24a arte luzatuko dute eta martxoaren 29a arte, berriz, Interneten.

Hauek dira Azkoitia-Azpeitia XIX. Maratoi Erdirako izena emateko tokiak:

  • Azpeitian, Aradi Kirolak eta Aitzaki Kirolak.
  • Azkoitian, Plaza Berri Sport.
  • Oiartzunen, Intersport-Extreme (Ciclos y Caravanas Oiartzun).
  • Bilbon, Intersport-Extreme (Poza Lizentziatuaren kalean).

Izen-ematearen zenbatekoa 17, 20 eta 23 euro artekoa izan daiteke; federatua izan eta Carné Corredor deritzona eduki ala ez eduki edota txip horia izan ala ez izan, hortik gorabehera. Interneteko izen-emateari dagokionez, azken astean bost euro garestiago izango da izena ematea. Lasterketaren babesle nagusietakoak diren New Balance eta Intersport etxeek maratoi erdiko parte-hartzaileentzat bideratutako eskaintza berezia ere prestatu dute, izen-ematearekin lotuta.

Parte-hartzaile kopuruari muga jarri diote antolatzaileek: gehienez 1.600 lasterkarik izango dute tokia martxoaren 31ko proban. Iaz 1.324k eman zuten izena.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide