Iraurgi Saskibaloiko bost ordezkarik hartuko dute parte Espainiako MiniKopan

Uztarria.eus 2012ko ots. 7a, 20:10

David Rodriguez entrenatzailea eta infantil mailako lau jokalari -Aitzol Odriozola, Ander Merketegi, Jon Zabarte eta Aitor Astigarraga- Bartzelonan izango dira otsailaren 16tik 19ra, Lagun Aro GBCk Gipuzkoa osoko jokalariekin osatu duen taldearekin.

ACB Ligako taldeen Espainiako Errege Kopa jokatzeko aurreneko aldiz sailkatu da Donostiako taldea, eta lehiaketa horretan parte hartuko duten klubetako gaztetxoen taldeak dira MiniKopa jokatuko dutenak.

Azpeitiarren partaidetza izango duen Lagun Aro GBCrekin batera, Regal Bartzelona, Banca Civica, Fuenlabrada, Lucentum, Unicaja, Real Madril eta Baskonia dira MiniKopan lehiatuko diren taldeak. Hain zuzen ere, txapelketaren aurreneko partida (otsailaren 17an) Bartzelonaren kontra jokatuko dute gipuzkoarrek. Centre Esportiu Municipal Olimpics Vall d’Hebron-en jokatuko dute MiniKopa.

Alfredo Ott, asteko bostekoan

Bestetik, Lan Mobel Iraurgiko Alfredo Ott jokalaria Zilarrezko LEB Ligako azken jardunaldiko onenen bostekoan sartu du, beste behin, Solobasket.com atariak. New Orleansekoak 25 puntu, 3 asistentzia, 3 errebote eta 4 baloi lapurturekin amaitu zuen Aurtenecheren aurkako partidua.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide