Lagun Onak-Elgoibar, gipuzkoarren arteko derbia zapatuan Garmendipen

Uztarria.eus 2012ko ots. 10a, 17:43

Lagun Onakekoak Durangoren kontra jokatu zuten partidaren aurretik ateratako argazkian.

2012ko aurreneko garaipenaren bila aterako dira azpeitiarrak sailkapenean bi puntuko aldea ateratzen dion taldearen kontra. Partida 16:30ean hasiko da eta, azken orduko arazorik ezean, Kenan Kodroren estreinaldikoa izango da.

Lan Mobel Iraurgik, berriz, gaur (ostirala) etxetik kanpo jokatuko du, Madrilen, Omnia Las Rozasen aurka (21:00).

Gipuzkoarren arteko derbia jokatuko dute bihar, zapatua, Garmendipen Hirugarren Mailako Lagun Onakek eta Elgoibarrek. Herrien arteko gertutasunak neurketari berez ematen dion ikusmina alde batera utzi gabe, sailkapenari begira ere garrantzitsua izan daiteke biharkoa bi taldeentzat, eta bereziki Lagun Onakentzat.

Zazpi jardunaldi daramatza irabazi gabe Iñaki Eskisabelek zuzentzen duen taldeak. Azken garaipena beste derbi batean lortu zuten, Hernaniren kontra (3-0) eta 17. jardunaldian, abenduaren 17an. Garaipen lehorte horrekin ere, sailkapenean nahiko lasai dago momentuz Lagun Onak: 12. postuan dago, 28 punturekin. Hain zuzen ere, Elgoibar da 11.na, Azpeitiko taldeak baino bi puntu gehiagorekin. 2012ko aurreneko garaipena lortuz gero, beraz, sailkapenean ere aurrerapausotxoa egingo luke Lagun Onakek.

Bestetik, eta azken orduko arazorik ezean, biharko partida Kenan Kodroren estreinaldikoa izango da.

Las Rozas-Lan Mobel ISB

Lan Mobel Iraurgik, berriz, gaur (ostirala) etxetik kanpo jokatuko du, Madrilen, Omnia Las Rozasen aurka (21:00), saskibaloiko Zilarrezko LEB Ligaren barruan. Etxetik kanpo jarraian jokatzea tokatu zaion bigarren partida da gaurkoa Iraurgirentzat. Joan den aste bukaeran Aurteneche bigarren sailkatuari irabazi ondoren, gaur sailkapeneko hirugarrena gainditzen ahaleginduko dira Iurgi Caminosen mutilak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide