DYAk Istripuen Prebentzioaren Astea antolatu du, hilaren 5etik

Urola Kostako Hitza 2012ko mar. 1a, 16:17

Istripuak gutxitzeko eta gaixotasunak ekiditek prebentzioak garrantzia duelako antolatu dituzte ekitaldiak. Datorren astelehenetik larunbatera, hitzaldiak eta tailerrak emango dituzte egunero, 19:00etatik 21:00eta bitartean, Urola kalean duten egoitzan. Ekintzetan parte hartzea doan da, baina aurrez izena ematea eskatzen dute.

Datorren astelehenetik larunbatera bitartean, Osasuna eta Istripuen Prebentzioaren Astea antolatu du DYAk. Azpeitian egingo dituzte ekitaldiak, astelehenetik ostiralera, egunero 19:00etatik 21:00etara bitartean Azpeitiko DYAko ordezkaritzan (Urola kalean, Gaztetxearen ondoan).

Istripuak gutxitzeko eta gaixotasunak saihesteko prebentzioa"garrantzitsua" dela diote DYAkoek, "35 urtez larrialdiez arduratzeak zerbait erakutsi badigu, prebentzioaren garrantzia da".

Horregatik, hitzaldiak eta tailerrak antolatu dituzte martxoaren 5etik 10era bitartean. Ekitaldi hoietan parte hartzea doan da, baina izango duten parte-hartzearen berri jakiteko aurrez izena eman behar da 943 464622 telefono zenbakira deituta edota irakaskuntza.eskola@DYAgipuzkoa.com-era idatzita.

Hitzaldiak eta tailerrak

Ohiko larrialdiak eta egoera hoietan izan beharreko jokabideaz izango da DYAk antolatutako asteko lehen hitzaldia. Astelehenean izango da hori.

Asteartean, berriz, hesgailuak edo bendajeak nola egin erakusteko tailerra emango dute. Han, eskua, besoa, sorbalda, oina, belauna edota hanka nola lotu erakutsiko dute, besteak beste.

Asteazkenean ere hitzaldi baten txanda izango da, eta etxeko istripuen prebentzioari buruz ariko dira. Ostegunean, berriz, bihotz-biriken suspertzeari buruzko tailerra emango dute. Eta, ostiralean bihotza zaintzearen garrantziaz ariko dira hizketan, eta bizitza osasuntsua izateko alderdiez jardungo dute.

Moto istripua irudikatuz

DYAko asteari bukaera emateko, martxoaren 10ean, moto istripu bat irudikatuko dute Urola Kalean, DYAko Azpeitiko egoitzaren inguruan. Hara joaten direnek, lesio txikiagoak izateko eta ondorio itzulezinak ekiditeko zer egin behar den bertatik bertara ikusteko eta ikasteko aukera izango dute. "Kasko egoki bat eramatearen garrantziaz kontzientziatzeko ekitaldia izango da hori", esan dute antolatzaileek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide