Txapelak ihes egin zion atzo Mikel Larrañaga azpeitiarrari herrian, Izarraitz frontoian, jokatutako aizkorako finalean. Aratz Mugertza mutrikuarrarekin batera, Binakako Eusko Label Txapelketaren Zilarrezko mailako finala jokatu zuen Larrañagak, Arkaitz Jauregiren eta Jose Angel Zubiagaren kontra, eta bikote arabarrak nahikoa eroso gainditu zituen gipuzkoarrak: Jauregik eta Zubiagak 16 minutu eta 58 segundo behar izan zituzten lanak bukatzeko, eta 19 minutu eta 33 segundo, berriz, Larrañagak eta Mugertzak.
Final nagusian, Urrezkoan, Joseba Otaegik eta Unai Otañok jantzi zituzten txapelak, Anjel Arrospide eta Ugaitz Mugertzari irabazita. Gaztetxoen finalean, berriz, Eneko Saralegi eta Julen Larrea nagusitu ziren, Eneko Otaño eta Joxean Etxeberriaren aurrean.