Lan Mobelen garaipena eta Lagun Onaken porrota, asteburuan

Uztarria.eus 2012ko mar. 6a, 14:44

Iraurgi eta Teneriferen arteko partidako une bat. (ISB)

Joan den asteburua gazi-gozoa izan da herriko talde nagusientzat. Lan Mobel Iraurgi taldeak kostata, baina irabazi egin zion Teneriferi etxean, 78 eta 73. Aldiz, Lagun Onakek ezin izan zuen mendean hartu Gernika, eta 1-0 galdu zuen azpeitiar taldeak.

Joan den asteburua gazi-gozoa izan da herriko talde nagusientzat. Lan Mobel Iraurgi taldeak kostata, baina irabazi egin zion Teneriferi etxean, 78 eta 73. Aldiz, Lagun Onakek ezin izan zuen mendean hartu Gernika, eta 1-0 galdu zuen azpeitiar taldeak.

Ostiralean jokatu zuen Lan Mobel ISBk Teneriferen kontrako partida, Azpeitiko kiroldegian. Nahi baino gehiago sufritu zuten Caminosen mutilek, baina partida irabaztea lortu zuen Lan Mobelek. Lehenengo laurdenaren bukaerara atzetik iritsi zen azpeitiar taldea; 18 eta 23. Bigarren laurdenean, ere atzetik ibili ziren Caminosen mutilak. Markagailua 32 eta 42 zegoela joan ziren atsedenaldira. Hirugarren laurdenean Teneriferi aurre hartzea lortu zuen Iraurgik eta 58 eta 55 aurreratu zen taldea. Azken minutuetara arte gogor aritu behar izan zuten Lan Mobel ISBkoek, baina, azkenean, 78 eta 73 nagusitzea lortu zuten. Sailkapeneko zortzigarren postuan dago Lan Mobel Iraurgi, bederatzi partida irabazi eta hamar galduta. Joan den astetik postu bat egin du gora Iraurgik sailkapenean.

Lagun Onak bigarren astez jarraian esku hutsik gelditu da. Joan den zapatuan Gernikaren kontra jokatu zuen kanpoan, eta 1-0 galdu zuten Eskisabelen mutilek. 64. minutuan sartu zuen Gernikak partidako gol bakarra, eta Lagun Onakek ezin izan zion markagailuari buelta eman. Hori dela-eta, sailkapenean 13. postuan da azpeitiar taldea, 32 punturekin, eta joan den astean baino postu bat beherago dago orain sailkapenean.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide