Aurrekontu parte-hartzaileen prozesua, Denon artean kanpaina, asteazken honetan, hilak 14, bukatuko da. Ekimenaren azken bilera egingo dute, 19:00etan hasita, Sanagustin kulturgunean. Deialdia irekia izango da, eta herritarrei parte hartzeko gonbita egin die Eneko Etxeberria alkateak. Gainera, "balorazio oso positiboa egiten dugu" esan zuen Etxeberriak: "Balorazio oso positiboa egiten dugu, parte-hartzea oso altua izan da. Guztira 733 herritar agertu dira bileretara, eta horregatik eskertzea nahiko genuke. Azpeitiarren jarrera eraikitzailea nabarmendu nahiko genuke. Izan ere, proposamen asko bildu ditugu, 400 inguru, eta gehienak orokorrak izan dira. Orain bukaera ematea tokatzen zaigu, eta herritar zein eragileei joateko deialdia egin nahi diegu".
Asteazkeneko bilera hiru zatitan banatuta egongo da. Batetik, Udal parte-hartze ordenantzaren zirriborroa aurkeztuko dute; gero, 2012ko aurrekontuen osaketa jakinaraziko dute eta, bukatzeko, egingo diren inbertsioen berri emango dute udaletxeko ordezkariek.
Udaleko arduradunek uste dute kanpainak helburua bete duela: "Urtero egiteko asmoa dugu, horrela azpeitiarrek Udaleko kontuak kontrolatu ahal izango dituzte, eta guk hobeto asmatuko dugu aurrekontuak osatzen", esan zuen Etxeberriak.
Prozesua aurkeztu eta aurreneko urratsak emateko lehenengo batzarra abenduaren 14an egin zuten, Sanagustinen. Orduz geroztik, Azpeitiko auzoetako bizilagunekin eta alor desberdinetako kideekin hogeitik gora bilera egin dituzte otsaila bitartean. Auzuneetan egindako zortzi batzarretan 218 pertsonak hartu zuten parte. Auzoetan egindako zazpi bileretara 117 herritar joan ziren. Arloz arloko hamabi bileretan 228 pertsonak hartu zuten parte, eta auzolaneko ekimenean, Urola ibaia garbitzekoan, 70 herritar izan ziren.