1.- Erakusketa bukatu berritan, ondorena nolakoa da?
Oso ona. Hitz onak ditut guztiak. Jendeari gustatu egin zaiola ematen du eta salmentak ere egon dira; 9 koadro saldu ditut. Dena positiboa da. Gaiak gustatu egin dira, koloreak ere bai, transmititu egiten dutela diote… Jendea harrituta ere geratu da ez zutelako afizio hau nuenik ezagutzen, eta ni zoratzen. Balantze oso positiboa da.
2.- Jendea aipatu duzunez han entzundako esaldi batzuk dira ondorengoak. Ea zer duzun esateko: “Pedrok hau egiten zekienik ere!”
Azkenean pertsona guztiek dute fazetaren bat. Nire ingurukoek bazekiten, etxekoek, lagunek, lanekoek, Diartekoek… Hasieratik gustatu zait egiten dudana eta gainera, hasieran oparitu egiten nituen. Orain atzera begiratuta pentsatzen dut: “Jo, Pedro, nolatan atrebitzen zinen hauek erregalatzen”. Baino orain polita izan da, zeren jendeak esan dit: “Pedro, nik oraindik gordeta dut zuk oparitutako hura eta mejoratu egin duzu...”. Azkenean denok jarduten dugu mila gauzatan, baina ez gara joaten zer egiten dugun esaten.
“Guk hasitakoa da Pedro, eh!”
(Barre) Amak ere esan dit batek esan ziola: “Pedro pixka bat gurea ere bada”. Pintatzera joaten den batek esan ziola, baina ez dakit hauek zer esan nahiko zuten. Polita da. Herrian, txikitatik ezagutzen zaituztenez, onerako eta txarrerako, baina jendea poztu egiten da. Askok diote herrian bertan jendea ez dela pozten. Nik alderantziz uste dut.
“Aurpegietako espresioak oso ondo eginak daude”.
Bada, asko pozte naiz. Niretzat aurpegietan espresioa harrapatzea da zailena, eta ez dakit nik zer espresio harrapatu dudan edo nola egin dudan, baina jendeari gustatu egin zaio. Lehenengo antza eman behar zaio, gero espresioa eta pertsona ezezagunen aurpegiekin errezagoa da, ezagun batenarekin baino. Nik dakit, azken batean, egiten dudana gustatu egiten zaidala. Gero, besteei gustatzen bazaie eta transmititu egiten dutela badiote, zoragarri!
“Pena emango dio ba saltzeak?”
Batere ez. Poza ematen dit, zeren eta sarri erosten dutenak ezagunak dira eta ilusioa egiten dit jendeak nik egindako zerbait edukitzeak. Gainera, beti akordatzen naiz nork duen nire koadroa eta pentsatzen dut haiek ere ikustean nork egin duen akordatuko direla. Gainera, pagatu egiten dutenez, baloratu egiten duten seinale da. Nik etxea bete samartuta dut eta askotan tokirik ez diet aurkitzen. Pena emango lidake ez saltzeak.
3.- Egile bezala zer baloratzen duzu koadroetan.
Oso zaila da zeren eta "egilea" ez naiz. Horiek artelan bezala ez dutela baliorik badakit. Afizionatua naiz, eta denbora gutxi eskaintzen diet. Niri estetikoki gustatu egiten zaizkit. Argazki bat hartzen dudanean eta izugarri gustatzen bazait pinturara pasatzen dut, eta galdu egin dezake, baina badirudi hauek iritsi egiten direla. Aurpegietako fakzioak eta eskuak uste dut ondo eginda daudela, baina beti ere afizionatu mailan.
4.- Koadroak zeren arabera kolokatu dituzu?
Instintoa. Denbora gutxi izan dut egiteko eta jendearen laguntza ere behar izan dut, beraz, haiek ahal zutenean egin behar izan nuen. Denbora gehiagorekin hobeto pentsatuta egingo nuen, baina instintoari jarraitu diot. Ez du patroi bat izan. Ez dena polita da, batengatik beste batek galtzea. Berez, denek luzitu behar dute, eta osotasun batean ere lotura moduko bat egotea gustatzen zait; kasu honetan, koloreek eta motiboek osatu dute. Orokorrean begiratuz gero inpresio ona ematea nahi izaten dut.
5.- Aretoa berri samarra da. Zer iruditu?
Espazio txikia da, baina potentziatu nahi izanez gero tokia oso ona da, baldin eta hobekuntza batzuk egiten bazaizkio, adibidez, lehioetan panelak jarri eta beste zortzi bat foko sartu... Argi gehiago behar du, batez ere. Gero, paretak sartzea baldin badago hobe.
6.- Zeu ere saiatu zara detaile batzuk sartzen: ispilua, neumatikoak, sokak...
Garrantzitsua dela iruditzen zait. Sartu eta inpresioa lortzen da, landu denaren inpresioa. Gehiago ere egin nezakeen, baina nahikoa izan da. Anaiak eskuz egindako bankoa ere han egon da.
7.- 900 bat lagun joan dira erakusketara.
Asko dela iruditzen zait. Ni astebukaeratan egon naiz eta mugimendu handia egon dela iruditu zait. Esan beharra dago, komunikabideetan agertzeak, Hitzan, Uztarrian... asko egiten duela eta eskerrak eman beharrean nago.
8.- Indarra ere emango du pintatzen jarraitzeko.
Bai. Klasera zoratzen joaten naiz, irakasleak oso jatorrak dira eta lagunarte ederra dugu. Niretzako zapatu goizak sakratuak dira. Hasieran beldurra banuen eta esaten nion nire buruari: “Hau zertarako egin”, baina gero indarra ematen dizu eta jarraitzeko gogoa.