Azpeitiko kultur mugimenduak gorputz sozial handiagoa izateko eta proiektuak gauzatzen laguntzeko diru iturri propioak edukitzeko asmoz, Kultur Mahaiaren Azpeitiko Kulturzale Kultur Elkarteak bazkide kanpaina hasi du. Atzo (osteguna) egin zuen Mahaiak batzar nagusia, eta han erabaki zuten kanpainari ekitea.
Batzarra
Kanpaina, bi fasetan.
- Kultur Mahai barruan lehenik. Elkarteetako norbanakoen artean. Orain hasita.
- Kultur Mahaitik kanpo zabalduta, herrian. Pare bat hilabetera.
Bazkide motak.
- Norbanakoak. Urteko kuota, 10 eurokoa.
- Kultur elkarteak (Kultur Mahaikoak). Ez dute kuotarik izango.
- Laguntzaileak. Tabernak, enpresak... Urtean 50 euroko kuota.
Bazkideak izango edo jasoko duena.
- Kulturzale Kultur Elkartearen urteko ohiko batzar orokorrean parte hartzeko eskubidea izango du, botoarekin.
- Urtean 2-3 aldiz barne buletina jasoko du, etxean edo eskatutako tokian. Barne informazioa izango da.
- Zozketetan parte hartuko du, abantailaren batzuk izango ditu...
- Elkarteko bazkide txartela izango du.
Kultur Mahaiak aurten sortu du elkartea, honek diru laguntzak eskatzeko, langilea hartzeko eta abar izaera juridikoa izateko.
Batzarreko beste kontu batzuk
- Komunikazioa. Talde Eragileak lapikue.net kultur web sortu berriaz azalpenak eman zituen atzoko batzarrean, eta komunikazio arloan 2010eko asmoa eskuko kultur agenda sortzea izango dela erabaki zuten.
- Sanagustin kulturgunea. Espainiako Gobernuak tramite bat betetzea besterik ez da falta Sanagustin irekitzeko. Hori dagoenean, ekipamendua instalatuko da aste gutxitan, eta kulturgunea irekitzeko moduan izango da. Bitartean, Talde Eragilea inaugurazioa-eta prestatzen ari da, eta taldeekin egongo da.
- Kultur Mahaiko elkartearen 2010eko aurrekontuak. Talde Eragileak aurki bilerak eskatuko dizkie udal taldeei, diru laguntzez hitz egiteko. Horretaz gain, ikusi egin behar bazkide kanpainak zer ematen duen, eta Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak aurten kultur weba diruz lagunduko duten —izan ere, oraindik ez dago behin betiko erantzunik—.
Hilaren 28tik aurrera taldeekin bilerak hainbat gaiz
Kultur Mahaiko Talde Eragileak bilerak egingo ditu elkarteekin hainbat kontuz abenduaren 28tik aurrera.
- Lapikue.net-ez. Taldeek euren albisteak, argazkiak eta abar nola sartu jakiteko zehaztasunak jasoko dituzte.
- Urteko kultur egutegiaz. Kultur Mahaiak uztaileko batzarrean onartu zituen urteko kultur egutegia egiteko irizpideak: oreka diziplina, fetxa edota espazio aldetik; elkarteek euren ekitaldiak antolatu aurretik Kultur Mahaiko webean (laster egongo den) barne komunikazio atalean fetxa markatu behar, ekimenak egin ondoren balorazio orria bete behar... Pausoak emateko garaia da, eta Talde Eragilea taldeen informazioa jasotzen hasiko da, koordinatzen eta abar.
- Bazkide kanpainaz. Bazkide txartelak jasoko dituzte taldeetako kideek, epeak zehaztuko dituzte...
- Kultur Mahaiko Talde Eragilearen berritzeaz.
Azpeitiko kultur elkarte denek, udal taldeek, udal kultur teknikariak eta norbanako batzuek osatzen dute Kultur Mahaia, herriko kultur bilgunea.