Amaia Azkueren inguruko epaiketan akusatuaren neskalagunak deklaratuko du gaur

Uztarria.com, Urola Kostako Hitza 2012ko mar. 14a, 13:02

Hasi da Amaia Azkueren hilketaren inguruko epaiketaren hirugarren eguneko saioa. Gaur akusatuaren lekukoek deklaratuko dute, tartean, azpeitiar gaztearen neskalagunak.

Hasi da Amaia Azkueren hilketaren inguruko epaiketaren hirugarren eguneko saioa. Gaur akusatuaren lekukoek deklaratuko dute, tartean, azpeitiar gaztearen neskalagunak.

Auzipetua, orain arte bezala, ertzain autoan eraman dute Donostiako Justizia Jauregira. Auzipetuaren anaia Ioanes Labaien defentsa abokatuarekin batera sartu da. Eta barruan dira, baita ere, Azkueren familiakoak eta haien abokatu Miguel Castells.

Auzitegiaren atarian, azken egunotan bezala, Justizia Amaiarentzako!!! pankarta eskuan dutela, 20 bat lagun daude.

Astelehenean hasi zen Amaia Azkueren inguruko epaiketa, eta atzo ere goiz eta arratsalde saioak egin zituzten Donostiako Adingabeen Auzitegian. Bestalde, ostiralean urtebete beteko da Amaia Azkue hilda agertu zela. Horren harira, elkarretaratzea egingo dute 19:30ean hasita, plazan. 

Adin txikikoa

Akusatua adin txikikoa zen Amaia Azkue hil zutenean. Hori dela eta, nahiz eta egun 18 urte izan, adin txikikoen legearen araberako zigorra ezarriko diote erruduna dela frogatzen bada. Prozedura hori eta lege arruntaren araberakoa "ezberdinak" direla azaldu du Mikel Elortza abokatuak: "Batez ere, epaiketa bitarteko prozedura da diferentea". Epaileak beharrean, fiskalak eraman ohi du ikerketa.

Zigorrei dagokionez ere, adin txikikoei ezartzen dizkietenak ohiko zigor kodeak jasotzen dituenak baino "arinagoak" dira. Elortzaren arabera, "konformitatera heltzeko aukera gehiago" dago halako kasuetan. "Errieta modukoa izan daiteke, gizarte lana egitera behartu, internamentua modu erdi irekian egin…". Zigorra ere adin txikikoen zentroan betetzen dute, aparteko eskaerarik ez badago, behinik behin. Horren helburua gaztea "birgaitzea eta birgizarteratzea" da, eta horretarako neurriak hartzea. Ildo horretatik, aipatu zentroetako baldintzak, baliabideak eta  diziplinak eta kartzela arruntetakoaka "oso ezberdinak" dira, baita
atxilotuek bertako langileekin izan dezaketen harremana ere .

Azkueren hilketaren kasuan, ordea, fiskalak eta haren familiak ustezko hiltzaileak zigorra kartzelan bete dezan eskatu dute. "Kasu jakin batzuetan, akusatuak 18 urte beteta baditu, eta hala eskatuz gero, espetxe arruntean bete dezake zigorra, adingabeen zentroan beharrean. Kasu hau are bereziagoa da; izan ere, epaiketa hasterako adin nagusikoa zen dagoeneko akusatua". Erabakia epailearen esku dagoela esan du abokatu zarauztarrak.

Akusatua Zumarragako adingabeen zentroan dago preso, hilketa bere gain hartu zuenetik . "Tematuz gero", ordea, lehenbiziko egunetik kartzela arruntean sar zezaketela adierazi du. "Bere burua erruduntzat aurkeztu zuenean Adingabeen Auzitegian egin zuen. Epaitegi arrunt batera jo bazuen, 18 urte zituela, epaileak hura ohiko kartzela batean espetxeratzeko aginduko zuen . Gerora delitua egin zuenean adin txikikoa zela ohartuko litzateke eta fiskalari edo auzi horietaz arduratzen den beste epaile bati bideratuko lioke kasua".

Adin txikikoen legearen baitako prozeduraren arabera eta Azkueren hilketaren epaiketan gertatu den moduan, bi aldeetako abokatuek auzipetua galdekatzen dute lehenbizi. Gerora, lekukoek eta perituek deklaratzen dute, eta amaieran, akusazioak zein defentsak informe bana idazten dute, akusatua zigortzeko edota haren absoluzioa eskatuz. Hamar urteko kartzela zigorra eta bost urteko zaintzapeko askatasuna eskatu dute auzipetuarentzat.

"Legeak akusatuaren intimitatea babesten du, adin txikikoa bada". Eta hala egin dute Azkueren hilketaren inguruko epaiketako lehen saioetan. Ateak itxita izan dira, eta abokatuek ez dute informaziorik helarazi. Adin txikikoa babesteko erabaki horrek, ordea, informazio eta herritarrek egia ezagutzeko duten eskubideekin "talka" egiten duela dio Elortzak. "Egun ez da adin txikikoa, eta hedabideek ez dute zertan hala tratatu. Trataeraren inguruan dudak ditut, bera babeste aren kontu horrekin ez ote ari garen oreka hausten".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide