Enekoitz Esnaola: "Jendeak zezena kalean ikusten du, baina ez atzean dagoen lana"

Azpeitian duela 500 urtetik errotutako sokamuturrari buruzko irudiak, datu historikoak eta kontuak biltzen dituen dokumentala aurkeztuko dute etzi Zezen Beltzek eta Esnaolak. (Dokumentalaren aurrerapen bideo da behekoa).

Zezen Beltz Elkarteak Enekoitz Esnaola (Azpeitia, 1970) kazetariak Azpeitiko sokamuturrari buruz eginiko dokumentala estreinatuko du etzi. 18:30etik aurrera Azpeitiko Sanagustin kulturgunean emango dute estrainekoz Azpeitiko sokamuturraren historia, tradizioa, haren inguruko lana eta zaletasunak biltzen dituen ordu eta laurdeneko ikus-entzunezkoa.
Noiz sortu zen dokumental hau egiteko ideia?
Neuk proposatu nion Zezen Beltzi. Neu txikitatik izan naiz sokamutur zalea, beti ikusten nuen zezenaren irteera Etxe Zuri inguruan, amonaren balkoitik Eliz kalean edo plazan. Neuk ere sokamuturraz idatzi izan nuen Uztarria-n, Hitza-k ere elkarrizketak eginak ditu honen inguruan, eta Azpeitiko Festak liburuan atal berezia ere badu sokamuturrak. Idatzia, beraz, dexente zegoela ikusten nuen, eta XXI. mendean bizi garenez, ikus-entzunezko zerbait egin litekeela pentsatu nuen. Ordurako, gainera, banekien irudi zaharrak ere bazeudela, eta horregatik proposatu nion Zezen Beltzi. Haiek onartu eta udazkenean hasi nintzen honekin lanean.
Azpeitiko sokamuturrari buruzkoa da ala, orokorrean, sokamuturrari buruzkoa?
Azpeitiko sokamuturrari buruzkoa. Kontuan hartu behar da antzeko ekitaldiak urtean Euskal Herrian 1.000 inguru egiten direla, sokamuturra, edo zezena suelto dela, kalean beti ere. Beraz, bakoitzak bere historia du eta bere ezaugarriak.
Zein atal nagusi ditu dokumentalak?
Bi atali ematen diet garrantzia. Alde batetik atal historikoan. Azpeitiko sokamuturrak, gutxienez, ia 500 urte ditu. Lehen datua 1518koa da. Orduan jada zezena sokarekin izan zen Azpeitian. Lehen datu ofiziala, udal agindu bat, 1567koa da. Ondoren, mende guztietan egon da sokamuturra Azpeitian, eta hala jasota dago dokumentu eta aktatan. Beraz, historikoki sokamuturrak Azpeitian izan duen garrantzia eta presentzia jaso dugu. Eta bestetik, normala den bezala, jendeak zezena kalean ikusten du, festetan, kalean gora eta behera, baina hor atzean dagoen lana ez da ikusten eta lan handia dago. Batetik ganaduzaleek egina eta bestetik sokamutilek egina. Ganaduzaleek diote, garai batean bazegoela hortik bizitzea, baina gaur egun oso zaila da. Gainera, Azpeitian idiskoak behar dira, sokak asko pisatzen duelako eta denbora askoan ibiltzen direlako. Indar handikoak izan behar dute, beraz, idiskoak, eta horiek mantentzea garestiagoa da. Alde horretatik, ganaduzaleen partetik badago sakrifizioa eta konpromisoa Azpeitiko sokamuturrarekiko. Sokamutilei dagokionez, esan behar da sokamutilek festatan lan egin behar izaten dutela, musutruk, eta ahalegin fisiko bat izateaz gain, konpromiso bat ere bada; festetan lagun arteko edo familako bazkaririk ez edukitzeko, parrandarik ez egiteko eta abar. Alde horretatik, eurena uzten dute besteei emateko.
Zerk bereizten du Azpeitiko sokamuturra beste batzuetatik?
Hainbat faktore dago. Alde batetik, soka handi hori. 55 metro neurtzen ditu. Argoila batera lotuta joaten da, Hondarribian eta Durangon bezala. Sokamutilak egotea ere ezaugarri berezia da. Eta, batez ere denbora da ezaugarri. Inauteriek, adibidez, 72 ordu dituzte eta horietatik 14tan zezena kalean egoten da. Herrigunean ibiltzen da gainera kaleetan, ez dute kamioitik atera eta leku batean edukitzen. Horiek guztiek egiten dute Azpeitiko sokamuturra berezi. Azken batean, ganaduzaleek ere hala diote, plazarik fuerteena Azpeitikoa dela.
Elkarrizketa dexente egin dituzu, ezta?
Bai, hamasei elkarrizketa izan dira, batzuk luzeagoak, besteak laburragoak. Azpeitira etortzen diren hiru ganadutegitakoei, Arno, Gorixo eta Albizukoei; Luis Angel Etxeberria Zapatei sokamutil ohiari, duela 20 urte inguru ibili zena, eta Joxin Belokiri duela 40 urte sokamutil izan zena; gaurko sokamutiletako bi ere elkarrizketatu ditut; baita Imanol Elias historialaria edo bi sokamutur zale ere. Argazki Elkarteko hiru laguni ere galdetu diegu, 1980tik sokamuturrari buruzko argazki lehiaketa antolatzen dutelako. Denetarik pixka bat. Historia, sokamutilen lana, eta ganaduzaleen lana oinarri hartuta, bueltan-bueltan dauden anekdotak, gertaerak edo une bitxiak ere jaso ditut.
Grabazio prozesua, ezusteko gutxi batzuk salbu, espero bezala joan al da?
Oso ondo joan da. Jendearen harrera oso ona izan da, hasieratik denek agertu dute prestutasuna. Ezusteko hori zezenari buruan kamera jarri genionekoa izan zen, esperimentua zen, eta ondo lotu ez genionez, bota egin zuen San Sebastian eguerdian. Arratsaldean ondo lotu genion, ordea, eta irudiak jaso ahal izan genituen. Zerbait erakargarria izan daiteke hori jendearentzat.
Azpeitia herri zezenzalea da orohar, sokamuturra eta zezenketak ditu. Zergatik uste duzu heltzen zaiola tradizio horri?
Neu ez naiz sartuko zezenketen inguruan hitz egitera. Izan ere argitaratzailea Zezen Beltz Elkartea da, eta haiek argi utzi zuten zezenketak aparte lagatzen zituztela. Alde batetik, hau kaleko zezena delako, eta bestetik zezenketa batzordea ere badagoelako. Azpeitia zezenzalea da, hain justu, 500 urteko historia hori duelako, gehiago agian. Sokamuturra, gainera, ez da Inauteri eta San Sebastian jaietan soilik egon. San Agustin festetan, auzoetako festetan eta, bere garaian, baita egun suelto batzuetan ere. Badaude anekdotak. Esaterako, Espainiako erreginak semea eduki zuenean, hori ospatzeko sokamuturra izan zen kalean, baita Tunisian Espainiak garaipenen bat lortu zuenean ere. Inoiz, aurreko mende hasieran, San Sebastian jaietatik Inauteriak bitarteko igande guztietan ere zezena izan zen.
Aurrera begira tradizio hori galtzeko arriskuan egon daitekela ikusten al duzu?
Aurrera begira, puskatean ez. Arauak gogortu dira, eta Azpeitia moldatu da horretara, baina zaletasun aldetik ez dut arriskurik ikusten. Aurtengo San Sebastian ondorengo igandean, hilak 23an izan zen sokamuturrean adina jende ez dakit inoiz egon den plazan. Alde horretatik zaila ikusten dut, debekuak ez badira etortzen behintzat.
Arauak gogortzearekin, gaztetxoei ez zaie parte hartzen uzten. Zer irizten diozu horri?
Arauen aurretik ibilbidean bertan hamasei urtez beherakoak ikustea ez zen erraza. Irudi zaharretan ikusten ziren gurasoak arkupetan haurrak besoetan zituztela. Horrelakoak debekatzea ondo dago, arduragabekeriak debekatzea, alegia. Bestela, hamasei urtetik beherakoak, salbuespenak kenduta, topeetan-eta ibiltzen dira; gaztetxoek 14 edo 16 dituzten kontrolatzea zaila da, gainera. Baina ondo dago neurriak hartzea. Baita bestelako neurriak ere. Zezenak, esaterako, gehienez 350 kilo pisa ditzazke, bi anbulantziak egon behar dute, ibilbidea azaltzen duten oharrak atera behar dira, eta horiek, hemen, egiten dira.  
Zein da estreinaldi bezperako sentsazioa? Merezi izan du al lanak?
Bai, gustura gelditu naiz. Lara Madinabeitiaren lana nabarmendu nahi dut batez ere, errealizatzaile lanak egin baititu. Bestetik, Kaito-k, Agustin Madrazok eta Jose Manuel Asiainek bere garaian egindako lana, borondatez jardun baitute, eta jarduten baitute irudiak hartzen. Sokamuturreko eta bestelako irudiak horiei esker ditugu, eta nabarmendu nahi dut horien lana. Nik, azken finean, helburuak adostutakoan, irudi zaharrak eta berriak bildu eta forma periodistikoa eman diot. Eta merezi izan du, bai. Orain herritarrek ikusi eta baloratu beharko dute, jakina.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide