Itsasi dantza taldeak, urtez urte, zerbait berria egin nahi izaten zuen. Urte batez, 1975 inguruan, Iturengo ttuntturroak Azpeitira heldu ziren. Pello ibili zen haiekin urte horretan, taldeari laguntzen, batez ere. Ikuskizuna asko gustatu zitzaigun, eta saioa herrira ekarri behar genuela otu zitzaigun», dio Mikel Larrañagak, Itsasi taldeko Ttuntturroen sortzaileetako batek eta Pello Aldalurren lagunak. Biak ibili dira urtez urte ttuntturroen taldean. Hasieran biak artzain bezala irteten ziren kalera, eta azken urteetan taldeari laguntzen ibili zen Aldalur. Baina joan den astean hil zen, eta urtez urte "taldearen zati handi bat" joan zen harekin.
Itsasiko ttuntturroen taldeak historia luzea du atzetik, eta horren protagonista handia izan zen Aldalur. Iturengo ttuntturroen emanaldia ikusita, Azpeitira eraman nahi izan zuten, baina uste baino zailagoa egin zitzaien. "Iturengoak Azpeitiara etorri zirenean, Pellok ttuntturroak nola lotzen ziren ikusi zituen. Horrek dezenteko sekretua du. Ikusi bai, ikusi genuen, baina ez genekien nola egiten zen". Beraz, Iturenera joan ziren biak, baina haiek ez zieten erakutsi nahi izan: "Borroka handia izan genuen horrekin", gogoratzen du Larrañagak. Aldalurrek ere hala gogoratzen zituen hastapenak: "Sorrera nahiko zaila izan genuen. Hasieran Zubietan ez ziguten esan nahi non egiten ziren dunbak. Herriko taberna batean esan ziguten Frantzian egiten zirela, eta kontrabandoan ekartzen zituztela". Azkenean, ordea, lortu zituzten elementu guztiak, eta lehenengo aldiz 1979. urtean irten ziren kalera herriko hamabi lagun, tartean Aldalur. "Pellok talde erdia lortu zuen, eta nik beste erdia. Horrela irten genuen Santio egunean. Azpeitia guztia zeharkatu genuen". Garai hartan, "izugarrizko berrikuntza" ziren ttuntturroak, eta izugarrizko arrakasta izan zutela gogoratzen du Larrañagak. Aldalurrek ere horrela oroitzen zuen lehenengo urte hura: "Hasiera ona izan zen, ilusio handiarekin gauza berri bat egitera gindoazela-eta, giro onean egin genuen".
"Gorputz eta arima" lanean
Ordutik, biak ibili ziren taldean artzain bezala, saioa antolatzen eta ttuntturroak lotzen laguntzen. "Lan asko egin du Pellok. Lehenengo urtetik gorputz eta arima eman zuen horretan. Askotan esaten nion ea merezi zuen horrenbeste lan egiteak. Eta berak erantzuten zidan: ‘Herriarengatik egin behar diagu!’"
Oraindik orain, urtean zehar inguruko lekuetara joaten dira ttuntturro gisa, Eibarrera, Elgoibarrera, Ermura... Eta urtero Aldalurrek egin zuen lana asko estimatzen du bere lagunak, "grin handia" jartzen baitzuen horretan.
Orain, gazteen txanda
Hori hala, orain "herrian Pelloren falta handia" sumatuko dela nabarmendu du bere lagunak: "Pellok hutsune handia utzi du, eta hori antzemango da herrian aurrerantzean egingo diren ttuntturroen saioetan. Hamaika broma egiten genituen, beti zegoen alai eta umore onean. Hala ere, ez dut espero ttuntturroen saioak galduko direnik aurrerantzean. Orain, ordea, gazteen txanda da. Haiek jarraituko dutela uste dut", gogoratzen du lagunak.