(...)
Musika elikagaia da. Gainontzeko kultur adierazpide guztiek bezala, musikak norberaren bizitzako une askori zentzua ematen die jaten. Eta areago, taldetasuna elikatzen du, kide egiten zaitu. Doinu jakinetan eraikitzen du komunitate baten izatea eta memoria. Herrigintza baten eraikuntzarako aldamioaren oinarri.
Elikagaia, eta baita bisbaporuba ere, katarroa leuntzeko ukendua, Ruper Ordorikak, joan den larunbatean, Azpeitian eman zuen kontzertu bikainean —beti bezala, klasiko bat— aipatu zuenez. Maite duzun hori zaintzeko modua. Sanagustin kulturgune berrian jo zuen. Kontzertuak emateko lehengoratu den eliza bat da, aurretik haur eskola, udaletxe eta harategi izana. Ederra, santuak aldaretik ez kenduagatik. Herriko plazan bertan. Eta ederrago dena: orain dozena bat urte sortu zen herriko kultur talde guztien elkarketak erdietsi duen emaitza da. Herriko talde guztiak, udaleko ordezkariak eta hainbat banako, berdinetik berdinera, biltzen dituen kultur mahaia da bide horren azken urratsa. Kolore politikoak kolore, eta aldaketa politikoak aldaketa, herriarentzat eta herriaren eskutik kultur politika beregaina egin ahal izateko bidea zabaldu dute. Kultur politika ulertzeko eta praktikan jartzeko eredu berri bat da.