Joxe Ramon Larrañaga: "Azpeitiko Argazki Zaharren hirugarren erakusketa bat ere jarriko dugu"

Bigarren aldiz antolatu den Argazki Zaharren Erakusketak ere arrakasta izan du, eta handia gainera. Bi astetan 1.773 bat lagun joan dira Sanagustin kulturgunean jarritako erakusketara; bataz beste, eguneko 127 lagun. Joxe Ramon Larrañaga antolatzailea oso gustura geratu da erantzunarekin.

Urte asko ziren Argazki Elkartekoak "umezurtz" geratu zirela, Joxe Ramon Larrañaga bertako kideak lapikue.net-i kontatu dionez. "Antxieta itxi zutenean, erakusketak egiteko Betharrametako aretoa erabiltzen hasi ginen, baina jendea joatea... 1.000 bisitara iristea arrakasta zen guretzat. Argazki Zaharren lehen erakusketa egin genuenean 2.000 lagun joan ziren. Izugarrizko arrakasta izan zen". Bada, bigarrena edizioa ere ez da atzean geratu, zailtasunak zailtasun: "Gabonetan, akaso, zailagoa da jendea kanpora ere joaten delako, baina exitoa izan da oraingo hau ere". 1.773 lagun pasatu dira Sanagustinetik bi astean. Gustura egoteko arrazoiak badituzte.

Jende kopuruak bakarrik ez du betetzen Larrañaga; erakusketa osatzeko lan moduak ere pozten du: "Ohitura gutxi dago etxeko argazkiak kanporatzeko, baina erakusketa hauekin buelta ematen ari gara horri ere, eta hori seinale ona da". Izan ere erakusketa osatzeko herriko jendeak Udaleko Kultura Sailean uzten ditu argazkiak eta gero Larrañagak egiten du hortik aurrerakoa: "Pili Arrieta udal teknikariari uzten dizkio argazkiak jendeak, udaletxeko hirugarren solairuan. Gero ni joan, aukeratu —asko errepikatu egiten baitira— eta jabeekin egoten naiz argazkiaren inguruko informazioa biltzeko. Azkenean, feeling-a sortzen da". 

Gai ezberdineko argazkiak nahi izaten ditu erakusketa osatzeko, baina bi edizio hauetan gauza batekin konturatu da Larrañaga: "Paisajeei buruzko argazki gutxi dago. Oraingo honetan ere hiru bakarrik zeuden eta politak izaten dira. Jendeak asko komentatzen duelako, 'zein da etxe hori?'... Sanjuandegiko lehen etxea bezala, Lasa gozotegiko hori. Gutxik ezagutu dute hori zela erakusketan zegoena, eta horrelakoak politak dira". 

Liburua

Azpeitiko argazki zahar hauekin liburua osatzeko asmoa du Larrañagak, aurrera begira. Hori izan da argazki hauek biltzen joateko arrazoi nagusia, nahiz eta erakusketan jartzeko baliatu: "Ez dakigu noiz. Eperik ez dugu, baina liburu bat argitaratzeko asmoz hasi ginen honekin".

Jendearen erantzuna ikusita hirugarren erakusketa bat ere jartzeko animatuta dago Larrañaga, azken batean "denbora batera marjinatuta geratzen diren argazkiak berreskuratzeko lana egiten baita".

(argazkian: Joxe Ramon Larrañaga / uztarria.com)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide