Arratsaldeko bost eta erdiak inguruan iritsi ziren Sanagustin kulturgunera Ruper Ordorika eta Mugalariak (Arkaitz Miner, Hasier Oleaga eta Lutxo Neira). Berehala jarri zituzten prest erremintak eta soinu egokiaren bila aritu ziren, harik eta gustura geratu ziren arte. Zortzi eta erdiak jo zituzten ordurako; afaltzeko garaia.
Haiek soinua egokitzen eta entseatzen aritu ziren tarte horretan Kultur Mahaikoek azken 50 sarrerak saltzeko ateak zabaldu zituzten, seiretan, berriro seirak eta bostean "Sarrerak agortuta" kartela jarri eta ateak ixteko. 5 minutuan saldu ziren, kanpoan zain zegoen jendea sartu bezain pronto.
Afaldu bitartean
Baigera I-ean afaltzen ari zirela hasi zen pasadizoa gertatzen. Atetik Laxaro Azkune sartu zen eta Ordorikak ikusi egin zuen: "Hara, Laxaro!". Jaiki eta agurtu egin zuen. Berriro eseri zenean esan zuen: "Lehen zuen lagunak Bisean Ama zer duzu negarrez kanta jotzeko eskatu dit. Kanta hori Laxarori esker lortu nuen. Aurrez ere esan izan dut zenbait lekutan. Gaur kanta hori jo beharko nuke, kontzertura doala esan dit-eta".
Kontzertuan
Hasterako esan zuen Haizea Garizumakoa diskoko kantuez gain zaharrak ere joko zituela eta 1998an argitaratu zuen Dabilen harria diskoko Martin Larralde kantarekin hasi zen kontzertua. Sanagustinen bildutako 300 lagunek ordu eta erdiz gozatu zuten, bi Bis eta guzti. Bigarrengo horretan Ordorika taldekiderik gabe atera zen eta: "Ia ahaztu zait. Tekniko batek eskatu dit Ama zer duzu negarrez kanta jotzeko. Zuen artean dagoen Laxarori esker lortu nuen kanta hau. Lehen, euskal kantak entzuteko igande goizetan Herri Irratia jarri behar izaten zen eta han entzun nuen kanta hau. Handik denbora batetara, Herri Irratian elkarrizketa egiteko deitu zidaten eta han Laxarorekin hizketan esan nion halako kantu bat bazela, hala eta hala esaten zuena... Berak esan zidan zein zen eta diskoa bidali zidan. Trukean e! Nik nirea bidali nion eta!". Pasadizoa orduan amaitu zen, kanta hura jotzearekin batera.
Kanta
Ama zer duzu negarrez kanta Etxamendi eta Larralde bikotearena da. Hauxe letra:
Ama zer duzu negarrez
matelak bustirik urez
hala duzu goiz ihitzez.
Argia hastian
lilien artian
zintzabilenian
baratze aldian. (bis)
Oi jeiki zira goizerik
hau maitia zeren gatik
aita ez da jin oraindik
Ikusi nahian
aitatto bidian
izan niz goizian
baratze aldian. (bis)
Bidia da luze luze
han bakarrik dabil haize
amak bihotza du leize.
Aita gau guzian
gudari mendian
ama dagonian
baratze aldian. (bis)
Kantaren doinua entzun dezakezu hemen: http://www.kantuan.net/kantuan_abestiak/kantuak_folders/ama_zer_duzu_negarrez?esparrua=abestiak&abesti_zehatza=ama_zer_duzu_negarrez